Orio «eremu gorrian» sartu da berriro

COVID-19aren Orioko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua igo egin da eta 505ekoa da gaurko egunez. Ondorioz, Orio «eremu gorrian» sartu da berriro.

Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzak eremu gorrirako ezarritako neurri murriztaileak aplikatuko dira Orion, bihar asteartetik aurrera.

Hauek dira, nagusiki, aplikatuko diren neurriak:

  • Herriaren perimetroa itxi egingo da. Galarazita dago herritik ateratzea edo herrira sartzea, ez bada mugakide diren herrietara joateko erosketetara edo aire zabaleko jarduera fisikoa egitera.
  • Ostalaritzan mugatu egingo da barruko espazioak erabiltzeko ordutegia. Hau izango da ordutegia: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazatan orain arte bezala kontsumitu ahal izango dute bezeroek: eserita eta lauko taldetan gehienez.
  • Kirol-instalazioetako aldagelak itxi egingo dira. Taldekako kirolak 4 laguneko taldetan egingo dira barruan, eta seikotan kanpoan.

EGOERA BERRIARI BURUZKO GALDERA-ERANTZUNAK

Zer esan nahi du Orio «eremu gorrian» sartzeak? Herritarren zalantzak argitzeko, galdera-erantzun sorta hau prestatu du Udalak.

Ba al daukat herritik ateratzerik?

Bakarrik lanerako, medikuarenera joateko edo derrigorrezko beste eginkizunen baterako, edo herri mugakide batera joateko erosketak egitera edo aire zabaleko jarduera fisikoa egitera. Arau orokorraren salbuespenak urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan zehaztutakoak dira, ez besterik; eta behar bezala akreditatu beharko dira beti

Ertzaintzak eta udaltzaingoak jendearen sartu-irtenak kontrolatuko dituzte.

Salbuespena akreditatzeko, Eusko Jaurlaritzak prestatutako agiri-eredu hauek baliatu ditzakezu.

Herritik kanpoko jendeak Oriora etortzerik badu?

Bakarrik lanerako, medikuarenera joateko edo derrigorrezko beste eginkizunen baterako. Herri mugakide batetik ere etorri daitezke erosketak egitera edo aire zabaleko jarduera fisikoa egitera.

Tabernak eta jatetxeak ireki daitezke?

Bai, baina mugatuta izango dute ordutegia. Ostalaritzako barruko espazioak erabiltzeko ordutegia hau izango da: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazatan orain arte bezala kontsumitu ahal izango dute bezeroek: eserita eta lauko taldetan gehienez. Nolanahi ere, taberna edo jatetxea ixteko ordutegia, azken aste hauetan bezala, 20:00etan izango da.

Kirola egin daiteke?

Bakarka bai, herritik atera gabe edo herri mugakidean, aire zabalean.

Taldekako kirolak 4 laguneko taldetan egingo dira barruan, eta seikotan kanpoan.

Kirol-instalazioak irekita egongo dira, baina aldagelak itxita izango dituzte.

Noiz arte aplikatuko dira neurriak?

Jaurlaritzak astelehenero argitaratzen du «eremu gorrian» dauden herrien zerrenda. Neurri hauek indarrean egongo dira Orioko intzidentzia-tasa metatua 400etik gora dagoen bitartean. Ikusi hemen Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azkeneko zerrenda:

Eremu gorriko udalerrien zerrenda

neurri nagusiak