Korrika batzordearen bilera izango da urtarrilaren 17an, 17:30ean

Aurtengo Korrika prestatzen ari dira Euskal Herri osoan eta, prestakuntza-lan horien barruan, Orioko Korrika batzordea ere martxan dago eta urtarrilaren 17an egingo du urteko lehen bilera.

Bilera kultur etxean izango da, 17:30ean hasita.

Dagoeneko zirriborratuta dago Orioko Korrika kulturalak zein ekitaldi izango dituen eta zehaztasunak lotuko dira osteguneko bilera horretan.

Euskara ikasleak omentzeko ekitaldia Usurbilen

Bestalde, urtarrilaren 26an, larunbatarekin, egun osoko festa egingo da Usurbilen, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoko euskara ikasleak omentzeko.

Egitaraua 13:00etan abiatuko da bertso-saio batekin eta kupelen irekierarekin. Ondoren, herri bazkaria izango da. Ekitaldi nagusia 16:30ean hasiko da, bazkalondoan, eta, segidan, erromeria eta kantu-jira izango dira. Bukatzeko, Esne Beltza taldearen kontzertua izango da, 21:00etan hasita.

Eskualdeko AEK-k autobusa antolatu du Usurbila joan nahi dutenentzat. Txartelak 10 eurotan daude salgai Kolon Txiki tabernan eta txartelaren prezioan sartzen da, autobuseko joan-etorriaz gain, bazkaria, sagardoa eta gaueko kontzerturako sarrera.