Korrikako kilometroak salgai

Martxoan izango da Korrikaren 18. edizioa eta herriko elkarte eta eragileek aukera daukate, dagoeneko, Orioko kilometroetako bat erosteko.

Aurtengo Korrika martxoaren 23an iritsiko da Oriora, larunbatarekin, 15:00ak inguruan. Aurten Zarauztik barrena etorriko da eta, beraz, Orioko lehen kilometroa Xuai gainetik behera izango da.

Korrikan parte hartzeko modu bat kilometroak erostea da. Aurten hamar kilometro egingo ditu Korrikak Orion, Xuai gainetik Aginagaraino. Kilometro bakoitzaren prezioa 400 eurokoa da. Herriko talde edo erakunderen batek Korrikako kilometro bat erosi nahi badu, harremanetan jarri behar du Korrika batzordeko Jabier Zabaletarekin eta hari adierazi. Kilometro osoa erosi ezin dutenek erdibana ere eros dezakete beste talderen batekin batera.

Kilometroetako bat erosteko azken eguna martxoaren 1a izango da.