Larunbatean egingo dute Orioko arraunlari beteranoen traineru-estropada

Arraunlari beteranoen La Salve ligako egutegiaren barruan, Orioko estropadaren zortzigarren edizioa egingo dute ekainaren 25ean, larunbatarekin. Badok13 arraunlari beteranoen elkarteak antolatutako proba da eta bi txandatan jokatuko da, 15:00etan hasita.

Orioko zubia baino 120 metro beherago hasi eta, errioan gora, 1.750 metroko bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dituzte traineruek. Eremuak bi kale izango ditu eta, beraz, binaka jokatuko da proba. Hamasei tripulazio ariko dira guztira, eta zortzi tripulazioko bi txanda egingo dituzte, 15:00etan hasita.

Txanden banaketa

Lehenengo txanda 15:00etan hasiko da eta, minutu bateko tartearekin, ontzi hauek irtengo dira:

  • 15:00 Badok13 B – Plentzia B
  • 15:01 Bilbao B/Zumaia B – Iberia B
  • 15:02 Ibaialde – Getxo B
  • 15:03 Bilbo – Sestao

Bigarren txanda, aldiz, aurreko txanda bukatu eta bost minutura hasiko da eta, minutu bateko tartearekin, ontzi hauek irtengo dira:

  • 15:25 Mundaka – Plentzia
  • 15:26 Pontejos – Zumaia
  • 15:27 Badok13 – Getxo
  • 15:28 Fortuna – Iberia

Lehen txandak ordutegia aldatu dezake ontzi gonbidatuen kopuruaren arabera.

Sari-banaketa

Bandera estropadaren amaieran emango zaio irabazleari, uretan, eta gainerako sariak ontzi guztiak lehorreratutakoan banatuko dira, La Salveren karpan, Arraunetxeren parean. Euria edo eguraldi txarra egingo balu, Arraunetxe barruan egingo da sari-banaketa.