Larunbateko traineru-jaitsiera aurkeztu dute Arraunetxen

Datorren larunbatean, otsailak 17, Oria ibaiaren 24. traineru-jaitsiera egingo da errioko uretan. Arraun Elkarteko ordezkari Zigor Gazpiok, Jose Angel Zaldua alkateak eta BabyAuto enpresako Ibon Mazak aurkeztu dute estropada Arraunetxen, gaur 12:00etan.

Bi bandera izango dira jokoan: emakumeena (4. Babyauto bandera) eta gizasemeena (7. Babyauto bandera).

Euskal Herriko eta kanpoko talde eta arraunlari askok eman dute izena, estropadan parte hartzeko: guztira 93 ontzi lehiatuko dira (iaz baino 15 gehiago) eta 1840 inguru arraunlari arituko dira tostetan.

Lehenbiziko estropada 16:29ean hasiko da.

Parte-hartzaileak 2018

Ibilbideak 2018

Urtez urteko laburpena 1995-2017

Arraun Feria egingo da Arraunetxen lehen aldiz

Aurtengo berrikuntzetako bat izango da Arraun Feria. Otsailaren 16an eta 17an, ostirala eta larunbata, arraunarekin zerikusia duen kirol materialaren feria egingo da Arraunetxeko instalazioetan. Zaletuek aukera izango dute punta-puntako materiala ikusi, probatu eta erosteko. Arraun Feria Arraunetxeko goiko solairuan instalatuko da eta interesgarria izango da bai zaletuentzat eta bai alor horretan ari diren enpresa eta profesionalentzat.

Sektoreko enpresen postuez gain aurkezpen ekitaldiak, erakustaldiak eta hitzaldiak izango dira bi egunez. Besteak beste, ergometroen mantenimenduaz.

Zigor Gazpiok aurkezpenean esan duenez: “Orioko herria eta kolore horia arraunaren epizentro izatea nahi dugu, eta horretarako arraunaren bueltan lanean ari diren profesionalak biltzeko gunea prestatuko dugu arraunlari eta entrenatzaileentzat neguko test nagusia jokatzen den leku berean. Oriok aitzindari izan nahi du, uretan eta lehorrean. Lanerako borondatea eta egoitza egoki askoa daukagu horretarako: Arraunetxe. Bertan dago Orio Arraunketa Elkartearen egoitza. Ibaiari begira, estropadaren helmugan, ontziak bertatik uretaratuko dira eta milatik gora kirolarientzako aldagelak egongo dira beheko solairuan. Eskailerak igota, goiko solairuan feria egongo da hainbat posturekin, eta estropadaz gozatzeko ere ez da leku txarrena. Janari eta edariak ere egongo dira”.

arraunferia18