Orioko euskaltegian datorren astelehenean hasiko dira klaseak; baina oraindik badago aukera ikastaroetan izena emateko.
Autoikaskuntza
Aurten 27 lagun daude oraingoz izena emanda autoikaskuntza modalitatean. Sistema horrekin, tutore batek gidatuta, lana bakarka egiten du ikasleak, etxean edo euskaltegian bertan, eta, ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko. Autoikaskuntzak ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.
Bi euskalduntze-talde goizean eta Alfa-EGA talde bat arratsaldean
Goizean bi talde sortu dira: bat hasiera mailakoa eta bestea iaz ikasten ibilitakoena. Taldeak datorren astean jarriko dira martxan, baina oraindik badago aukera bi talde horietan izena emateko, tokia dago-eta.
Arratsaldean, berriz, alfabetatu edota EGA titulua atera nahi dutenen taldea izango da eta hor ere badago tokia oraindik.
Bestalde, aurrerago aukera izango da AISA talde bat ere antolatzeko, jende gehiago apuntatzen bada. AISA taldeak etorkinei begira antolatzen dira eta oinarri-oinarrizko maila hartzera zuzenduta daude.
Izen-ematea
Izena emateko, euskaltegiaren egoitzara joan daiteke (KTA eraikinean), goizez edo arratsaldez.
Telefonoz ere egin daiteke inskripzioa, AEKren zenbaki honetara deituta: 670 42 00 25 (Amaia Zaldua). Edota posta elektronikoz, orio@aek.eus helbidera idatzita.