Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sortaren hirugarren saioa egingo dute bihar, apirilak 27, Arraunetxen, 19:00etan hasita. Lourdes Odriozola historialaria eta Jesus Mari Perona gaian aditua izango dira hizlariak, eta herriko ontzigintza izango dute mintzagai, Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera izenburupean.
Ontzigintza jarduera ekonomiko garrantzitsua izan zen XVI. mendetik aurrera Orion. Oria ibaiak eskaintzen zituen baliabide naturalak eta burdinolen hurbiltasuna lagungarri izan ziren garapen horretan, eta garaiko gerraontzi handienetakoak gure ontzioletan eraiki ziren.
Gerrek baldintzatutako sektorea zen eta, Gaztelak inperioa galdu zuenean, arrantza-ontziak egitera pasatu ziren tokiko ontziolak. Alor horretan, garrantzia handikoa izan zen Dikeko ontziola. Pribatizatzen lehenengoetako bat izan zen, Vicente Segurak ordura arte Udalarena zen lantegia bere egin ostean.
Hirugarren hitzaldia
Gaian sakontzeko asmoz, Ontzigintza Orion. XVI. mendetik XX. mendera hitzaldia eskainiko dute apirilaren 27an, asteazkenarekin, Lourdes Odriozolak eta Jesus Mari Peronak. Ordiozola historialariak gaiari buruzko doktorego tesia eta ikerketa ugari plazaratu ditu, eta Perona bera izan zen Mutiozabalen jatorrizkok planoak aurkitu zituena, gaur egunera iritsi diren bakarrenetakoak.
Saioa 19:00etan izango da Arraunetxen, eta bideoa eskuragarri izango da Udalaren webgunean egun gutxi barru.