Dagoeneko hiru saio egin dira kultur etxean ‘Orio 2030’ parte-hartze prozesuaren barruan. Lehenbizikoa izan zen jendetsuena, baina besteetan ere bildu dira herritarrak, Udalaren proposamenak entzun eta eztabaidatzera.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena prestatu duen talde teknikoa ari da parte-hartze prozesua bideratzen, Udalaren ordezkariekin batera.
Asteartean, dotazioak eta espazio libreak aztertuko dira
Parte-hartze prozesuaren laugarren saioa asteartean izango da, martxoak 10, eta bertan aztertuko den gaia honako hau da: Dotazioak eta espazio libreak. Plan Orokorraren aurrerapenak gaiari buruz zer dioen azalduko dute aurrena eta, ondoren, aukera emango diete bertaratzen direnei beren iritziak eta ekarpenak azaltzeko.
Ostegunean, natur baliabideei buruz
Martxoaren 12an, ostegunarekin egingo da bosgarren saioa, prozesuaren aldi honetako azkena. Gaia honako hau izango da: Natur baliabideak eta lurzoru urbanizaezina.
Bi saioak, bai asteartekoa eta bai ostegunekoa, kultur etxean izango dira, aurreko guztiak bezala, 20:00etan hasita.
Herritarrei bileretara azaltzeko deia egin nahi die Udalak, garrantzizkoa baita herritarren parte-hartzea hirigintza alorreko erabakiak hartzerakoan.