Ascodel elkarteko Jone Tolosa eta Clara Najerak Orioko eraikinen egoerari buruzko inbentarioa egiten hasi dira martxoan.
Proiektuaren lehen fasean eraikinen egoera orokorra jasoko dute. Zer nolako konponketa lanak egin beharko liratekeen etxe bakoitzean zehaztuko dute eta saiatuko dira eraikineko jabeek konponketak egiteko zer jarrera duten jakiten.
Era berean, jabeekin edo eraikineko arduradunekin elkarrizketatuko dira, igogailua jarri, etxe barruko sukalde nahiz komunak hobetzeko edo beste hainbat obra egiteko dituzten asmoen berri jakiteko.
Martxoan hasi dute lana eta, datu bilketa egiteko, etxez etxe ibiliko dira, batez ere egoera txarrean daudenak bisitatuz. Jabe nahiz arduradunekin elkarrizketatzen saiatuko dira ahalik eta informazio gehien eskuratzeko.
Ascodel elkartearen helburua Udalerriko eraikinen egoerari buruzko txostena osatzea da. Lan hori Eusko Jaularitzara bidaliko du, handik kudeatzen diren diru laguntzak eskuratzeko tramiteak azkartu eta errazteko asmoz. Era honetara, egoera txarrean dauden eraikinen berrikuntza obrak bultzatu nahi dituzte.
Ascodel epe luzeko langabetuen elkartea da, eta antzeko lanak egin ditu dagoeneko Zarautzen, Zumaian eta Zestoan.