Euskal Herriko Unbertsitateko (EHU) Ingeniaritza Eskolako bi ikaslek Orioko hondartzen azterketa egin dute, Jose Miguel Edeso irakaslearen zuzendaritzapean.
Ostegunean, irailak 6, azterketa-lan horren jendaurreko aurkezpena egingo dute kultur etxean, 19:00etan hasita.
Nerea Argote eta Jon Azpiroz dira azterketaren egileak. Biak Ingeniaritza Eskolako azken urteko ikasleak dira eta ostegunean aurkeztuko duten azterketa beren ikasketa-bukaerako proiektua izan da. Proiektuaren zuzendaria Jose Miguel Edeso irakaslea izan da. Jose Miguel Edeso Geomorfologian doktorea da eta Topografia irakasten du EHUko Ingeniaritza Eskolan.
Ekitaldi irekia
Ekitaldia irekia da, gaiarekin interesa duten guztientzat, eta Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu azaltzera, gaia garrantzizkoa delako.
Azterketa granulometrikoa eta morfotopografikoa
Udalak eta EHUk elkarlanean bultzatutako azterketa izan da. Udalak kezka du azken urteotan Orioko hondartzek (bereziki, Antillakoak) izan duten bilakaerarekin eta horregatik bultzatu du ostegunean aurkeztuko den azterketa. Hondartzen azterketa granulometriko eta morfotopografikoa egin dute bi ikasleek, aldaketa metereologiko eta ozeanografikoak kontuan hartuta. Jasotako datuak 80ko hamarkadan bildutakoekin alderatu dituzte. Azterketaren ondorioetan jaso dituzte hondartzen bilakaerarekin ustez zerikusia izan duten aktuazioak.
Granulometria sedimentu-arroken elementuen banaketa tamainaren arabera aztertzea da.
Morfotopografia eremu baten erliebeen forma eta egituren azterketa litzateke.
Aurkezpenean, bi egileez gain, proiektuburuak ere parte hartuko du.