Gure itsas ondarea ezagutzeko, hitzaldi ibiltariak antolatu dituzte Urola Kostako turismo bulegoek. Iazko udazkenean antolatu zituzten aurreneko aldiz horrelako hitzaldiak, eta argazkia Orioko saioan egindakoa da.
Bost hitzaldi dira guztira, mankomunitateko herri bakoitzean bana. Lehenbizikoa azaroaren 1ean izango da, Orion, igandearekin.
Xabier Alberdik gidatuta
Iaz bezala, Xabier Alberdik gidatuko ditu eskualdeko hitzaldi ibiltari guztiak. Xabier itsas ondarean espezializatutako historialaria da eta asko daki eskualde honetako itsaso kontu zaharrez. Orion ezaguna da, lehen ere hitzaldiak eman izan dituelako eta, besteak beste, Orioko baserriei buruzko lan bat egin zuelako, Udalaren enkarguz.
Orioko hitzaldia
Orioko hitzaldi ibiltaria igande goizean egingo da, 11:00etan hasita. Juntatzeko lekua Herriko Plaza izango da, udaletxe aurrean. Hortik abiatuta, alde zaharrera joko du Xabier Alberdik eta bertan azalduko du itsas jarduerak nolako garrantzia izan zuen herriaren sorreran eta garapenean; batez ere, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan. Orion jaiotako itsasgizon garrantzitsuenen historia eta istorioak ere kontatuko ditu.
Gainerako hitzaldiak
Azaroko igandeetan izango dira hitzaldi guztiak, goizeko 11etan hasita. Lehenbizikoa, esanda bezala, Oriokoa izango da eta egun hauetan egingo dira beste herrietakoak:
Azaroak 8, igandea: Zarautzen, goiko kanpinaren ondoko Berazadi Zaharra baserriaren aparkalekuan hasita.
Azaroak 15, igandea: Getarian, moilan, San Anton mendiko bidearen hasieran hasita.
Azaroak 22, igandea: Zumaian, Olazabal idazkariaren jauregiaren aurrean hasita.
Azaroak 29, igandea: Aian, Ubegun industrialdean hasita.
Hitzaldi ibiltariak irekiak eta doakoak izango dira.