Autobusa ikastola aurreko plazan izango da goizez eta Herriko plazan arratsaldez. Nahi duten guztiek bisitatu ahal izango dute, lan arriskuei buruz ikasteko.
Apirilaren 28an Lan Osasunaren Nazioarteko eguna izan zen. Aurten, Lan Prebentzio eta Osasunaren Legeak 12 urte bete ditu eta haren inguruko hainbat hausnarketa egin behar dira lan arriskuen prebentzioari buruz. Handik hona egindako lana handia izan arren, oraindik, lan istripuen kopurua handia da eta langileen osasuna eta segurtasuna sustatu eta bermatu egin behar dira.
Horregatik, Orioko Udalaren Ekintza Ekonomikoak eta Enplegu batzordeak, OSALAN erakundearekin batera, kanpaina xume baten bidez, Lan Arriskua eta Prebentzioa eta Heziketa uztartu nahi ditu.
Horrela, OSALANek autobus didaktiko bat prestatu du eta datorren ostegunean, maiatzaren 8an, Ikastola aurreko plazan goizeko 9:30etik 14:00etara ikastolako 3 eta 4 DBHko ikasleei zuzenduko zaie lan arriskuen prebentzioko informazioa.
Dena den, arratsaldean, Herriko plazan, 16:00etatik 18:30era herritar guztiei eskainiko zaie autobusa bisitatzeko aukera.
Udalak animatu egiten ditu herritarrak autobusa bisitatzera eta, ondoren, maiatzean zehar antolatuko diren hitzaldietara joatera. Denon artean lan arriskuak gutxitzeko eta lan baldintzak hobetzeko helburuak pixkanaka lortuko ditugu.