Udalak gogorarazi nahi die terraza daukaten tabernetako jabeei lehengo neurrietara ekarri behar dituztela beren terrazak.
Deskonfinamenduaren hasieran, tabernak irekitzen hasi zirenean, Udalak aukera eman zien tabernariei terrazak handitzeko, mahaiak aparteago jarri eta bezero gehiago hartu ahal izateko. Momentuko egoerari erantzuteko neurri bat izan zen, ostalariei laguntza emateko pandemiak eragindako egoera zailean, ostalaritzako establezimenduen jarduera oso mugatuta zegoen-eta hasieran.
Gaur egun, ordea, terraza guztiak lehengoratzeko agindua emana du Udalak. Tabernari gehienek berehala murriztu dute beren terraza eta lehengo neurrietara ekarri dute. Udalak eskerrak eman nahi dizkie beren jarrera ulerberagatik.
Gutxi batzuek, ordea, ez dute oraindik terraza lehengoratu eta egun hauetan udaltzainen bisita jasoko dute. Udaltzainek jakinarazpen bana emango diote terrazari buruzko arauak errespetatzen ez dituzten ostalariei, beste gainerako ostalari guztiek bezala egin dezaten eta denen onerako jarritako neurriak bete ditzaten.