TicketBAI sistema euskaraz erabiltzeko deia egin diete Udalak eta UEMAk herriko denda, taberna eta negozioei

2022tik aurrera egoitza fiskala Euskadin duten negozio guztiek TicketBAI sistema erabili beharko dute, fakturak sortzeko eta datuak Ogasunarekin konpartitzeko. Hori dela eta, Orioko negozio guztiek ezarri beharko dute aplikazio informatiko bat, aukera emango diena fakturak eta tiketak sortzeko eta, aldi berean, horien datuak Gipuzkoako Foru Ogasunari bidaltzeko. Negozio guztiek egin beharko dute hori: tabernek, dendek, era guztietako zerbitzuak ematen dituztenek…

TicketBAI sistemak aukera ematen du euskararen normalizazioan aurrerapauso bat emateko, fakturak eta tiketak ere euskaraz sortuz; baina, jakina, horretarako, erabiltzen diren aplikazio informatikoak gai izan behar du euskaraz lan egiteko. Zoritxarrez, aplikazio horietako asko ez daude prestatuta euskaraz erabiltzeko eta, ondorioz, gaztelania hutsean sortzen dituzte fakturak edo tiketak.

Hori ikusita, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, ekimen bat abiatu du, bereziki dendariei eta ostalariei zuzenduta, TicketBAI sistemarako aplikazio informatikoa instalatzerakoan, euskaraz lan egiten duen aplikazio bat aukeratu dezaten. Udalak bat egin du UEMAren ekimen horrekin eta gutun bana bidali die herriko dendari eta tabernari guztiei, eskari zehatz hau eginez: «TicketBAI sistema zure negozioan ezartzeko garaian, euskaraz erabili daitekeen aplikazio informatikoa aukeratu ezazu, gero tiketak eta fakturak euskaraz sortu ahal izateko. Kontuan hartu zure bezero gehienak euskaldunak direla».

Euskararen normalizazioan aurrera

Orio herri euskalduna da eta herriko eragileak, Udala barne, ahalegin handia egiten ari dira euskararen erabilera guztiz normalizatzeko. Herriko dendari eta ostalariak giltzarri dira ahalegin kolektibo horretan, herriko bizimoduan eragin handia dutelako.

Azken urteetan urrats ugari egin dira Orion merkataritzako hizkuntza-paisaia euskalduntzeko, «ariguneen» bidez hizkuntza ohiturak aldatzeko, eta, azken finean, euskararen bitartez herritarrei zerbitzu hobea emateko. Orain beste aurrerapauso bat ematea eskatu nahi die Udalak dendari eta tabernariei: TicketBAI sistema euskaraz erabili eta bezeroentzako faktura eta tiketak euskaraz sortu eta ematea.