Antonio Oliden «Konpaxa»ri buruzko liburua aurkeztu zuten ostiralean Arraunetxen

Joan den ostiralean, maiatzak 21, Antonio Oliden «Konpaxa» oriotarrari buruzko liburua aurkeztu zuten Arraunetxen Orioko alkateak, Arraun Elkarteko presidente Josu Esnaolak eta liburuaren egileek: Alvaro Bermejo idazleak eta Joseba Urretabizkaia argazkilariak. Antonio Olidenen etxekoek eta lagunek ere parte hartu zuten ekitaldian.

Liburuak «Antonio Oliden ‹Konpaxa›, arraunlari eta patroi» du izenburua. Antonio Olidenek 95 urte ditu eta Orioko arraunlari ezagunenetako bat da, izan duen kirol-ibilbide apartagatik. Alvaro Bermejo kazetari eta idazleak idatzi du liburuaren testua eta txuri-beltzezko argazki ederrak, berriz, Joseba Urretabizkaia argazkilari ezagunak egin ditu. Josebak editatu du liburua, Xibarit argitaletxeko «Jentilak» bildumaren barruan. Oso edizio zaindua da.

Liburuaren hitzaurrea Anuska Esnal Oliden alkateak egin du, familiakoa baitu Antonio.

Antonio Olidenek ez zuen parte hartzerik izan ostiraleko aurkezpenean, baina, nolanahi ere, haren omenezkoa izan zen ekitaldia. Anuska Esnal Oliden alkateak gogora ekarri zuen olidendarren kastak Orioko arraun munduan izan duen garrantzia: «Lau anaien artean 33 Kontxako bandera dauzkate irabazita eta horrek bakarrik ondo adierazten du zer pisu izan duen arraunak etxe horretan. Ortzaikan arrauna oso estu lotuta egon da beti eguneroko bizimoduarekin, etengabe erabiltzen zituzten-eta txalupak, bai lanerako, bai aisialdirako, bai kirolerako… Derrigor sortu behar han arraunlariak!» Anuskak esan zuen, baita ere, beti dela pozgarria herritar bati buruzko liburua aurkeztea, baina, kasu honetan, horren gertukoa izanda, bereziki hunkigarria zaiola.

Liburua salgai dago Donostiako liburu-denda ezagunenetan eta Joseba Urretabizkaia editoreak adierazi zuen saiatuko dela Orioko liburu-dendaren batean ere salgai jartzen, oriotarrek erraz erosteko aukera izan dezaten.

Hitzaurreko hitzak

Anuska Esnalek egindako hitzaurrean honako hau dio Antonio Oliden «Konpaxa»ri buruz:

Orion arrauna kirola baino gehiago da. Antzinatik datorkigun bizitzeko modu bat. Kultura da, egunerokotasunetik datorren zerbait, bizi beharraren borrokatik, etxetik, baserritik.

Arrauna, naturarekin harremantzeko modu bat da, itsasoarekin, errioarekin…

Beste hainbat herri kirol bezala, bizimodutik eta lanbideetatik iritsi zen kirol izatera arrauna ere. Eta horietako azken laginetako bat da, zalantzarik gabe Antonio Oliden.

Gertutik ezagutzen dut arraunlari etxe eta sendi paregabe honen istorioa. Oliden, Orion eta Euskal Herrian, arraunaren historiari hizki handiz loturiko abizena da.

Errioari loturiko baserria da Konpaxa baserria. Olidendarrek errioarekin duten harremana egunerokotasunean txertatua egon da betidanik. Uretako jolasak eta lanbideak, korronteen norabideak, leku-izenak, mareen sekretuak eta zokorik ezkutuenak beren bizitzako parte izan dira. Berdin horiekin harremantzeko arraunketa mota desberdinak, txalupa-motak, arraunak eta abar. Natura eta gizakia, gizakia eta natura, eta beren arteko tresna eta baliabideak.

Antonio Oliden horren guztiaren testigu zuzena da. Bere eta bere anaien palmares berdingabea goraipa genezake. Bere arraunlari ibilbide luze eta oparoa. Baina Antoniok inoiz ahaztu behar ez dugun arraunaren ikuspegia ematen digu. Kiroletik askoz harago doana, palmares eta banderetatik harago. Antonio «Konpaxa»ren bizitzak nondik gatozen gogorarazten digu. Altxor bat da, gure herriko ondarea, balio neurtezineko transmisioa. Antonioren jatorriak eta bizitzak erakusten digu arraunaren historia eta balioa ez dela kronometroetan neurtzen, belaunaldietan baizik, korronteekin eta mareekin, kondairekin eta gure herriko familien bizitzeko ahalegin eta borrokarekin baizik.

Horregatik, altxor bat da liburu hau. Beharrezkoa den transmisio-bide bat da. Nor garen jakiteko.

Eskerrik asko, Antonio «Konpaxa»!, Zure ubera jarraituko dugu, etengabeko ubera.

Anuska Esnal Oliden

Orioko Alkatea