Eskualdeko 5 udalerrietako turismo- eta euskara-zerbitzuek sustatuta, Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu dute ekimena elkarlanean. UEMArekin lankidetzan garatuko da.
‘Ongi etorri euskararen herrira!’ ekimena Fitur turismo-azokan aurkeztu zen urtarrilaren 24an eta bertan izan ziren Urola Kostako Udal Elkarteko presidente Lourdes Salsamendi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, eskualdeko turismo-teknikarien ordezkariekin batera. Argazkia aurkezpen horretan ateratakoa da.
Gure udalerrietako kultur-ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarria da euskara eta horri balioa eman nahi dio ekimenak. Eskualdeak turismoa erakartzeko dauzkan baliabideen artean garrantzia emango zaio euskarari eta bereziki aipatuko da sortuko diren euskarri eta materialetan. Izan ere, UEMAk orain dela bi urte egindako azterketa batek erakusten duenez, bisitatzen gaituzten turistei gustatzen zaie euskararen presentzia sumatzea gure herrietan. Badakite herri euskaldun batera etorri direla eta atsegin dute euskara kalean ikustea eta haren soinua entzutea.
Ekimenaren helburuak
‘Ongi etorri euskararen herrira!’ ekimenak hiru helburu nagusi ditu:
- Gure kultura-ondarearen elementu bereizgarri gisa, bisitariei euskara ezagutaraztea.
- Sormen eta esperientzia-kanpainaren bidez, bisitariarekin euskaraz elkarreraginean aritzea.
- Turismo sektoreko eragileen (kanpotarrekin harreman zuzena dutelako) eta herritarren inplikazioaren bidez, euskarazko harremanak areagotzea.
Euskara eta turismoa uztartuz
Europako hizkuntza bizi zaharrena da Euskara eta horrek interesa sortzen die bisitariei. Bestalde, Urola Kosta Euskal Herriko tokirik euskaldunenetakoa da eta gurera datozenei horren berri emango zaie ekimen honen bidez.
Bisitariei euskara ezagutarazteko helburuarekin Espainiako nahiz nazioarteko turistei begira landutako ekimena izango bada ere, eskualdeko herritarrei begira ere egingo da lan. Herritarren arteko euskarazko harremanak areagotzea ere badu-eta helburu proiektuak. Gainera, kanpaina sendotzeko, bereziki jorratuko da turismo sektoreko eragileei begirako sentsibilizazio-lana.
Otsailean, eskualdeko ostalari, merkatari eta zerbitzuetako arduradun eta langile guztiei helaraziko zaie sentsibilizazio-saioetan parte hartzeko gonbita. Guztira, aurrez aurreko 12 sentsibilizazio- eta formazio-saio egingo dira martxoan, herriz herri. Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko zaie bertaratuei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko da.
Egitasmoaren jendaurreko aurkezpena martxoaren amaieran egingo da. Orduan zehaztuko dira Aste Santuetatik irailera bitartean Urola Kostako herrietan egingo diren lanketa, ekimen eta kale-ekintza guztiak.