Guztira 50 herritan egingo da egitasmoa eta, horien artean, Orion ere bai. Orion hirugarren aldia izango da antolatzen dela. Aurtengoa egitasmoaren hamargarren edizioa da. Urtero bezala, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du, udalekin eta herrietako liburu-dendekin elkar lanean.
Apiriletik maiatzera
Apiriletik maiatzera bitartean egingo da aurtengo ‘Irakurri, gozatu eta oparitu’ egitasmoa.
Herritarrek euskarazko liburu gehiago irakurtzea bultzatzen du kanpainak. Gaur egun euskaraz irakurtzeko aukera zabala dute bai haurrek eta bai helduek eta, kanpainaren bidez, oriotarrak bultzatu nahi ditu Udalak, euskarazko liburu horiek irakurri eta gozatzera.
Horrez gain, kanpainak beste bi helburu ere baditu: herritarrak udal liburutegira hurbiltzea eta herriko liburu-dendetan euskarazko liburuen kontsumoa sustatzea.
Hiru pauso: irakurri, gozatu eta oparitu
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira parte hartzeko:
Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar duzu: izan daiteke haurrentzako liburu bat edota helduentzakoa.
Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko duzu ondoren: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi duzun. Behin fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txeke bat emango dizu, %35eko deskontuarekin, Orioko liburu denda batean euskarazko liburu bat erosteko.
Oparitu. Azken pausoa erositako liburu hori oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo nork bere buruari.
Egitasmoa maiatzaren 31n bukatuko da, baina erosketa-txekeak liburu-dendan erabiltzeko epea ekainaren 11 artekoa izango da.
50 herritan egingo da egitasmoa Hego Euskal Herrian
Araban: Agurain, Aramaio, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Kanpezu, Legutio, Maeztu, Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.
Bizkaian: Atxondo, Balmaseda, Derio, Ermua, Gernika-Lumo, Getxo, Igorre, Larrabetzu, Lemoa , Mañaria, Muskiz, Ondarroa, Otxandio, Zaldibar, Zamudio.
Gipuzkoan: Lazkao, Legazpi, Mutriku, Soraluze, Oñati, Ordizia, Orio, Zaldibia.
Nafarroan: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Basaburua, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Uharte, Urdiain eta Zizur Nagusia .
Liburu-denda laguntzaileak
Liburuak saltzen dituzten hiru denda daude Orion eta hirurek hartuko dute parte kanpainan: Ontza liburu denda, Iturain estankoa eta Mauka paper denda.