Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatuko dute, Mutiozabal ontziolaren erosketa bideratzeko. Orioko Udalak erosiko du Mutiozabal ontziola, Foru Aldundiaren diru-laguntza baliatuta, eta bertan gune bat sortuko du, ontziak konpontzeko eta itsasoarekin lotutako hainbat jarduera antolatzeko.
Erriberako ontziolek garrantzi handia izan zuten Gipuzkoan; baina, gaur egun, erabat galduta dago jarduera hori. Orioko Mutiozabal da, Gipuzkoa osoan, geratzen den era horretako ontziola bakarra eta, hitzarmen hori garatuz, biziberritu egin nahi dute Udalak eta Aldundiak.
Goiko argazkia Xabi Otero argazkilariak ateratakoa da.
Prentsaurrekoa udalbatzarraren aretoan
Aldundiko Kultura diputatu Denis Itxasok eta Orioko alkate Jose Angel Zalduak aurkeztuko dute hitzarmenaren edukia urtarrilaren 26an, asteartearekin, egingo den prentsaurrekoan. Prentsaurreakoa udaletxean izango da, udalbatzarraren aretoan, 12:00etan hasita. Ekitaldi irekia izango da eta, beraz, bertara gonbidatuta daude herritarrak zein kazetariak.