Anuska Esnal alkateak, Xabier Ibarguren kultur zinegotziak eta Bakartxo Oliden euskara- eta turismo-zinegotziak egin dute aurkezpena, 12:30ean, elizako zimitorio berrian.
Xabier Ibarguren kultura-zinegotziak poza agertu du, azken hilabeteotako geldialdi behartuaren ondoren, berriro hasiko direlako herritarrei kultur ekitaldiak eskaintzen eta kultur agenda betetzen: «Kaleak hutsik izan ditugu azken hilabeteotan. Herriko jaiak ere ospatu ezinik geratu gara. Dagoeneko, ordea, beharrezko segurtasun-neurri guztiak beteta, kaleak biziberritzen hasteko ordua iritsi da. Espazioak betetzera gatoz berriro. Oteiza herriko kulturgileak zioen hutsak bete egiten duela espazioa, eta horretara gatoz, espazioak betetzera; baina ez hutsarekin, baizik-eta kultur eskaintza zabal eta erakargarri batekin».
Kudeaketa-eredu berria
Alkateak goraipatu egin du Udalak aurten egindako kudeaketa: «Aurreko agintaldian kultur ekintzen kontratazio asko hirugarren baten ardurapean egiten ziren eta oraingo udal-gobernuak errotik aldatu du hori. Xabier zinegotziak, Uhaina teknikariak eta Imanol kultur etxeko atezainak egindako lana goraipatu nahi dut, beren inplikazioa ezinbestekoa izan baita aurtengo udako programa taxutzeko».
Gaur aurkeztu den uztaileko eta abuztuko kultur agendaren barruko lehen ekitaldia ostiral honetan bertan izango da: «Evaren alabak» kale-antzerkia. Sarrerak dagoeneko salgai daude kultur etxean, prezio sinboliko batean: 2 eurotan.
Euskaratik eta euskaraz
Xabier Ibargurenek adierazi du gure kultura indartzeko eta erakusteko baliatu nahi dutela udako kultur programazioa: «Udalak antolatutako ekitaldi hauekin guztiekin, ziur gaude kultura ere indartsu itzuliko dela uda honetan, eta itzuliko dela euskaraz eta euskaratik kultura bizitzen jarraitzeko unea».
Azpimarratu nahi izan du, baita ere, COVID-19ak sortutako osasun-krisia dela-eta, ekitaldi guztietan herritarren segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dituztela eta, alde horretatik, herritarrek lasai parte hartu dezaketela.
Prentsaurrekoa bukatzeko, Xabierrek nabarmendu du Gure Zirkuak bere aurtengo udako ekitaldi guztiak Orion egiteko egin duen apustua. Iaz egonaldi luzea egin zuen Gure Zirkuak Orion, futbol-zelaiaren ondoko berdegunean, eta aurten saio guztiak egingo ditu toki berean, uztailaren 15ean hasi eta abuztuaren bukaera arte. Era horretara, Euskal Herri osoko jendea etorriko da gure herrira, zirkua euskaraz gozatzera.
Uztaileko eta abuztuko programa
Hau da udako ekitaldien programa, osotasunean:
UZTAILAK 3, OSTIRALA
21:30 «Evaren alabak» kale-antzerkia Pietate azpitik abiatuta.
22:30 «Evaren alabak» kale-antzerkia Pietate azpitik abiatuta.
UZTAILAK 10, OSTIRALA
19:00 Maialen Arzallus eta Jon Maiaren bertso-saioa zimitorioan, Errikotxia bertsozale-elkarteak antolatuta.
UZTAILAK 17 – ABUZTUAK 30
Gure Zirkua futbol-zelaiaren ondoko parkean. Asteazkenetik igandera egunero saio bakarra izango da 19:00etan. Sarrerak leihatilan eta www.gurezirkua.eus bitartez erosi ahal izango dira.
UZTAILAK 17, OSTIRALA
20:00 Iñigo Asensioren kontzertua Arraunetxen.
UZTAILAK 19, IGANDEA
12:00 TKE estropadak: Eusko Label eta Euskotren liga.
UZTAILAK 21, ASTEARTEA
17:00 Uretako puzgarriak ikastola ondoko arranplan.
UZTAILAK 24, OSTIRALA
20:00 Petti-ren kontzertua Arraunetxen.
ABUZTUAK 4, ASTEARTEA
17:00 Ines Bengoa ipuin-kontalaria Kultur Etxe atzeko Balea plazan.
ABUZTUAK 5, ASTEAZKENA
22:00 «Asterix. Edabe magikoaren sekretua» filma hondartzan.
ABUZTUAK 7, OSTIRALA
20:00 Oreka TX taldearen kontzertua Herriko Plazan.
ABUZTUAK 12, ASTEAZKENA
17:00 «Patata Tropikala» antzerkia Herriko Plazan.
ABUZTUAK 15, LARUNBATA
20:00 Juan Mari Beltran musikariaren «Kostaldeko Soinuak» emanaldia Herriko Plazan.
ABUZTUAK 18, ASTEARTEA
17:00 Uretako puzgarriak ikastola ondoko arranplan.
ABUZTUAK 19, ASTEAZKENA
22:00 «Agur, Etxebeste!» filma Herriko Plazan.
ABUZTUAK 22, LARUNBATA
20:00 Howdy Bluegrass taldearen kontzertua Endaia plazan.
ABUZTUAK 28, OSTIRALA
22:00 «Glass» filma Herriko Plazan.
ABUZTUAK 29, LARUNBATA
19:00 Sardina-pintxoak eta sagardoa ikastola ondoko plazan trikitixaz girotuta.
20:00 Manez eta kobreak taldearen kontzertua Herriko Plazan.
IRAILAK 4, OSTIRALA
22:00 «Mia Leon blanco» filma hondartzan.