Udalaren eta herritarren arteko harremana indartu eta komunikazio-kanalak eguneratzeko, hainbat urrats egin ditugu azken hiletan: Instagram kontua sortu genuen iaz, Udalaren marka berria aurkeztu genuen martxoan, panel digitalak jarri dira maiatzean hondartzan eta Herriko Plazan… Eta gaurtik aurrera, Udalaren webguneak diseinu eta edukien antolaketa berria izango ditu.
Webgunearen eraberritzeak bi helburu nagusi izan ditu: erabiltzaileen nabigazioa erraztea eta informazioa modu argiagoan bistaratzea. Horrela, Udalaren zerbitzuen berri modu zabalagoan ematen du atari berrituak, eta albisteak eta agendako edukiak formatu bisualago batera ekarri dira.
Diseinuari dagokionez, marka berriaren estetikarekin egin du bat, eta herriko argazki eguneratuak txertatu dira.
Lehen egunotan, gerta daiteke akatsen bat edo beste izatea; joango gara horiek konpontzen eta iradokizunak jasotzen. Zuen gustukoa izatea espero dugu!