UEMAk 25 urte egin ditu aurten eta larunbatean ospatuko du Leitzan

Orioko Udala 2002. urtean sartu zen UEMAn; baina, ordurako, ibilbide luzea zuen erakundeak, 1991n sortu baitzen. Aurten egingo ditu, hortaz, 25 urte eta, ospatzeko, egun osoko festa antolatu du Leitzan maiatzaren 28an, larunbatarekin.

Ekitaldien artean herri bazkaria ere badago, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, UEMAren 943-816699 telefonora deituta ala 662-307903 whatsapp zenbakira idatzita.

Ekitaldi instituzionala eta UEMAren batzar nagusia

Jaia ospatzeaz gain, UEMAk batzar nagusia egingo du Leitzako udaletxean; eta, ondoren, ekitaldi instituzionala izango da herriko plazan.

Batzar nagusian, besteak beste, azken hilabeteotan UEMAn sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartuko dira: Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, berriz, udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita azken 25 urteotan euskararen normalizazioari egin dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza ere izango da ekitaldian.

Berripapera banatuko da Orioko buzoietan

Egun hauetan banatuko da Orioko buzoietan UEMAren Berripaperaren 43. zenbakia. Besteak beste, honako gaiak aztertzen ditu Berripaperak:

  • UEMAren 25 urteko ibilbidea
  • Udalerri Euskaldunen Eguna Leitzan
  • EAEn onartu berri den Udalen Legeak irekitzen dituen aukerak
  • Errenta euskaraz egiteko kanpaina, UEMAra sartuko diren herri berrien albistea…

Nahi izanez gero, hemendik deskargatu daiteke berripaperaren PDFa:

UEMAren berripaperaren 43. zenbakia (PDF)