Turismo jasangarria sustatzeko helburuarekin sortutako kanpainak pasa den astean ekin zion ibilbideari Gipuzkoa, Euskal Herria, Errioxa, Kantabria, Madril eta Kataluniako lurretara iritsiz. Gaur Orion egindako agerraldian, Udal Elkarteak adierazi du kanpaina Frantziara hedatu dutela.
Kanpainan Urola Kostako turismo-aukerak promozionatzen dira, Aia, Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariaren ezaugarri bereizgarriak kontuan izanda, baina identitate bateratu bat sortuz. COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzea du helburu, betiere segurtasun- eta prebentzio-neurriak betez.
Lourdes Salsamendi UKUEko presidenteak hau adierazi du gaurko agerraldian: «Bide berri bat dugu aurretik, egoera berrira egokitu eta segurtasun-neurri oro tentuz bete beharrekoa, baina ziur naiz oso oparoa eta aberatsa izango dela. Bat eginik egin behar dugu arraun, udal, udal-elkarte, Aldundi, baina baita enpresa, eragile eta profesionalek ere. Proiektu bateratua da».
Hau da Udal Elkarteak argitaratu duen oharra:
‘Urola Kosta: itsas-lurra’ sustapen kanpaina Frantziara ere hedatu da. Turismo jasangarria sustatzeko helburuarekin sortutako promozioak pasa den astean ekin zion bere ibilbideari Gipuzkoa, Euskal Herria, Errioxa, Kantabria, Madril eta Kataluniako lurretara iritsiz. Orain nazioarteko mugak ere gainditu ditu. Gaur bertan aurkeztu da komunikabideen aurrean kanpaina, Orion. Agerraldian izan dira Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria eta Barkartxo Oliden Orioko Udaleko euskara eta turismo zinegotzia. Kanpainari babesa agertuz, eskualdeko hainbat udal ordezkari ere izan dira aurkezpenean.
‘Urola Kosta: itsas-lurra’ kanpainak xede du eskualde mailako eskaintza, eskualdeko bost herrien (Zumaia, Getaria, Zarautza, Aia eta Orio) turismo eskaintzaren osagarri planteatzea eta, bereziki, Urola Kosta helmuga turistiko jasangarri gisara kokatzea. Kanpainak eskualdearen erakargarritasun turistikoak balioesten ditu: eskaintza propioa, bertako esperientziak, jendea, ingurunea; bertan bizitzeko era balioan jarriz eta turistentzat esperientzia bilakatuz, betiere segurtasun eta prebentzio neurri oro betetzea bermatuz.
“Turismoa sektore ekonomiko oso garrantzitsua da eskualdean” nabarmendu du Salsamendik: “UKUEko ildo estrategikoetako bat da Garapen Ekonomikoa sustatzea. Bertan, lan-ildo garrantzitsu da oso Turismoa”.
Egungo egoerari erreparatu dio, Covid-19aren fokoak agertzen ari diren honetan, zeinak eskualdean eragin zuzena izan duen: “herritar eta bisitari guztiei dei egiten diet segurtasun eta prebentzio oro bete dezaten. Turismo-sektorea ahalegin handia egiten ari da bisitari guztiei turismo seguru bat bermatzeko; beraz, gutako bakoitza erantzule izan behar du eta arduraz jokatu. Covid-19a geldiarazteko modu bakarra da, gure eskualdeak eskaintzen digun guztiaz gozatzen jarraitzeko eta gure ekonomia suspertzen jarraitzeko”.
Kanpainak Covid-19k eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzea du jomuga; bereziki turismo-enpresa, merkataritza, alojamendu nahiz ostalaritza sektoreari begira. COVID-19ak eragindako mundu mailako krisiaren ondorioz, turismoaren sektorea da kaltetuenetako bat. “Horregatik, ezinbestekoa da berehala berraktibatzeko lan egitea, betiere osasun neurri oro betez. Oreka horretan lan eginez – UKUEko lehendakariaren hitzetan -. Datuek diote COVID-19k 2009ko krisiak baino ia 10 aldiz gehiago eragingo liokeela turismoari, eta krisi honek gehien kaltetutako sektore ekonomikoetako bat izango litzatekeela. Horren aurrean prest egon behar dugu eta ahal den guztian lagundu ehun ekonomikoari. Kanpaina hau, Urola Kostatik bideratu ditugun beste hainbat laguntzekin batera, sektorea surpertzera dago bideratua” berretsi du.
“Lehen pausua da” azaldu du. Kudeaketaren eta gobernantza turistikoaren aldeko apustu estrategikoa du egina Ukuek. Hori egikaritzeko Urola Kostako Turismoa Suspertzeko Plana gauzatuko da datozen hilabeteetan eskualdeko turismo teknikariekin elkarlanean, lehendakariak aurreratu duenez. “Egungo turismo eredua egokitu eta Covid-19aren ondorengo garaira egokitzea da jomuga. Bi fase, beraz, oraina eta etorkizuna”.
Azaldu duenez, Turismoa Suspertzeko Planak helburutzat izango du Urola Kostako egitura turistikoaren oinarria sendotzea. Baita sektorea osatzen duten pertsona guztiei balioa ematea eta kudeaketa lantzea ikuspegi jasangarri batetik. Bide horretan, aukera eta irtenbide berriak detektatzea Urola Kostako Turismo Sarea indartzeko, COVID 19ren ondoren. Eta azkenik, helmuga seguru bihurtzea eta bisitarien itxaropenak betetzea. Salsamendiren hitzetan, plangintza hau sektoreko profesional, erakunde eta enpresekin batera garatuko da datozen hilabeteetan, “era parte-hartzaile eta kolaboratiboan”.
Plangintza horren muinean dago ere eskualdearen identitate bateratua bultzatzea. “Irudi indartsua, 5 herriak bat egiten dituena, eta bisitariari esperientzia mugagabe bezain osagarriak eskainiz”. Urola Kosta izenburupean doan lehen sustapen kanpaina da, “5 herrien izena eta izanari uko egin gabe; kontran, erdigunean kokatuz. Aterkipe bat sortu da, 5 herrien lana amankomunean promozionatzeko, herri bakoitzak egiten duen sustapenaren osagarri”.
Kanpaina, bizi
Pasa den ostiralean ‘Urola Kosta: itsas-lurra sustapena jaurti zenetik 50.000 atxikipen baino gehiago izan ditu aipatutako 7 eragin eremuetan. #UrolaKosta traolaren baitan ehunka post baino gehiago argitaratu dituzte bertakoek zein bisitariek. UKUEtik parte hartzeko gonbita luzatu diete herritar zein bisitari guztiei.
Pasa den astean abiatutako promozioa Gipuzkoa, Euskal Herria, Kantabria, Errioxa, Madril eta Kataluniara bideratu zen. Gaurtik aurrera Frantzia ere hartuko du. Herrialde horietatik jasotzen du Urola Kostak bisitari gehien. Hain zuzen, lau hizkuntzetan garatu da sustapen kanpaina: euskaraz, gazteleraz, katalanez eta frantsesez.
Kanpainaren muinean sare sozialak daude. “Sare sozialen izaera parte-hartzailea eta irismen maila azkarra bezain zabala lehenetsi ditugu” azaldu du Lourdes Salsamendik. “Etorkizunera begira ere, edukiaren hedapena eta segmentazioa errazten dutelako aukeratu da ere sare sozialen bidezko estrategia, baita emaitzak eta izandako eragina neurtzeko tresnak baliatzen dituztelako ere”.
3 bideo labur sortu dira: Bideoek eskualdearen elementu turistiko estrategikoak zein bisitari objektiboa dituzte ardatz: gastronomia, mendi ibilbideak, kirola, ondarea, kultura eta kostaldea. Bideoak Instagramen, Facebooken eta Youtuben iragarriko dira.
www.turismoa.urolakosta.eu abian da ere eskualdearen eskaintza guztia bertan bateratuz. Bertan ikusi ahalko dira ere #Urolakosta traolaren bitartez, zein herri bakoitzaren izenaren traolarekin, bisitariek argitaratzen dituzten irudi eta bideoak. “Ahoz-ahoko kontakizunak du efizientzia gehien. Helmuga bizi duen batek kontatzen digunak konfidantza ematen digu, esperientzia errealak kontatzen dizkigu. Sentimendu erreala sortzen du. Hori da estrategia” Salsamendik argitu duenez.
Elkarlana, muina
Euskarri fisikoak ere izango ditu kanpaina turistikoak. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako Gipuzkoa Passport-aren barruan sartzeko flyerrak egin dira; hegazkinean sartzeko ontziratze txartela irudikatzen dute, Urola Kosta izanik helmuga. Flyer horien bidez, eskualdeko turismo sektoreko enpresen eskaintza ezagutarazi eta bost herriak ezagutzeko informazio puntuen berri emango zaio bisitariari. Elkarlan horri esker, Aldundiaren kanalak ere erabiliko dira ‘Itsas-lurra’ kanpaina zabaldu eta hedapen handiagoa lortzeko.
Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariaren ustez, Urola Kostak aurkezten duen eskaintza turistikoa “guztiz bat dator” lantzen ari diren estrategiarekin. “Badira hilabete batzuk horrelako proposamenak apustua egin dugula. Izan ere, Gipuzkoako Pasaportean, uda honetan abiatu dugun kanpainan, gaur aurkeztu diren planetako batzuk daude. Horiek guztiak ezinbestekoak dira “, esan du. Gainera, “Uda atipiko honetan, bertakoaren aldeko apustua egiteko eta gure lurraldeak eskaintzen dituen plan guztiez sakon gozatzeko unea da”, azpimarratu du.
Lourdes Salsamendi, UKUEko lehendakaria: “Bide berri bat dugu aurretik, egoera berrira egokitu beharrekoa, baina ziur naiz, oso oparoa eta aberatsa izango dela. Bat eginik egin behar dugu arraun, udal, udal-elkarte, Aldundi, baina baita enpresa, eragile eta profesionalek ere. Proiektu bateratua da”.