Urriaren 21ean emango zaio hasiera Oteizaren mendeurrena ospatzeko egitarauari

Urriaren 21ean beteko dira ehun urte Jorge Oteiza jaio zela eta egun berean emango dio Orioko Udalak hasiera haren omenez antolatutako ekitaldi sortari.

“Oroitarria oriotarrari” izeneko ekitaldia antolatu du 19:45ean eta bertan parte hartuko dute herriko hainbat lagun eta elkartek

Aste osoan zehar eta datorren hilean ere hainbat ekitaldi izango diren arren, urriaren 21eko horren berri eman nahi dugu lerro hauen bitartez:

Goizean zehar Ikastolako eta Zaraguetako haurrek Oteizaren inguruan egindako lanak ekarriko dituzte kultur etxera, eta asteazkenetik aurrera lan horiekin osatutako erakusketa izango da ikusgai, datorren astelehenera arte.

Iluntzean, berriz, 19:45ean OROITARRIA ORIOTARRARI izeneko ekitaldia izango da. Omenaldi horretan poesia irakurriko da, eskusoinuak lagunduta Hutsa kantua abestuko da, bertsoak abestuko dira, biolinez lagunduta Androkanto abestuko da, eta amaieran, txalaparta doinuekin eta ohorezko aurreskuak lagunduta, Jon Redondo alkateak hitz batzuk eskainiko ditu, eta artistaren omenez arrokan jarritako xaflak bistaratuko dira.

Ekitaldia elizako ZIMITORIOAN egitea aurreikusten du Udalak. Hala ere, antolatzaileek azpimarratu nahi dute, eguraldi txarra eginez gero, ekitaldiaren zati handiena elizan izango dela.

Ekitaldien programa PDF formatuan

Mendeurrena dela eta antolatu diren ekitaldi guztien berri jakin nahi duenak hemendik deskarga dezake programaren berri emateko Udalak argitaratu duen triptikoa: Oteiza jaio zeneko mendeurrenaren programa