Ekainaren 1ean zabalduko da epea herri-baratzetarako eskaerak aurkezteko

Herri-baratzen erabilera arautzen duen udal-ordenantzari alegazioak aurkezteko epea joan den astean bukatu zen eta ez da alegaziorik aurkeztu. Ondorioz, ordenantzan ezarritakoaren arabera, Udalak berehala jarriko du martxan herri-baratzeak adjudikatzeko prozedura.

Prozedura horren barruan, lehen pausoa epe bat irekitzea da, herri-baratze horietako bat erabili nahi duten interesatuek eskaera Udalean aurkeztu dezaten. Epea ekainaren 1etik 25era bitartean egongo da zabalik (biak barne).

Udalak 45 partzela dauzka adjudikatzeko. Horietako 6 zuzenean adjudikatuko zaizkie terrenoaren gaur egungo erabiltzaileei, lau urterako. Beraz, 39 partzela dira banatzeko daudenak, bakoitza 40 m2-koa.

Behin eskaerak aurkezteko epea pasatuta, uztailaren bukaera aldera egingo da partzelen zozketa publikoa, aldez aurretik jakinaraziko den egun batean.

Baldintzak

Zozketan sartzeko eta, beraz, herri-baratzeetako baten erabiltzaile izan ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

  • Orion erroldatuta egotea eta herrian bizitzea (gutxienez, azken sei hilabeteotan)
  • Orioko Udalarekin zorrik ez izatea
  • Familia-unitatean ez izatea beste inor baratze ekologiko baten erabiltzaile dena
  • Baratzen araudia ez betetzeagatik aurrez zigorrik ez jaso izana
  • Baratzea erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean Orion erroldatuta izatea
  • Ez eskatzaileak eta ez haren etxeko inork ez izatea nekazaritzarako egokia den terrenorik jabetzan edo usufruktuan

Eskaerak nola aurkeztu

Eskaerak aurkezteko, Udalak prestatu duen eredu ofizial hau erabili behar da, nahitaez, nortasun-agiriaren kopiarekin batera:

Eskaera-orria bete eta udal-bulegoetan aurkeztu behar da. Komeni da eskaera-orria beteta ekartzea udaletxera, jende-ilararik ez sortzeko. Erregistro elektronikoz ere aurkeztu daiteke, baina, betiere, goiko eredu ofiziala erabilita.

Hitzaldia ekainaren 22an

Ekainaren 22an hitzaldia antolatu du Udalak, gaiari buruzko azalpenak emateko: herri-baratzeen ezaugarriak, erabiltzeko baldintzak, erabiltzaileen betebeharrakā€¦

Hitzaldia Arraunetxen izango da, 19:00etan, eta Ekoguneko eta KimuBat enpresako kideek emango dute.