Herrio natur elkarteak Zuhaitz Eguna antolatu du martxoaren 20an, Orioko Udalarekin elkarlanean.
Egun horretan zuhaitzak landatuko dira Abaromendi inguruko parkean, 10:00etan hasita, eta antolatzaileek dei egiten diete herritarrei, haur nahiz heldu, landaketan laguntzera azaltzeko.
Guztien artean, auzolanean, Abaromendi inguruko parkea egokitu nahi dute, hainbat espezietako zuhaitzak landatuz: arteak, gorostiak, erramuak, gurbitzak eta zuhandorrak.
Landatuko diren zuhaitzak eta laneko tresnak eta material batzuk eramango ditu Udalak. Hala ere, denontzako adina pala eta aitzur ez da izango eta, beraz, komeni da, ahal dutenek, etxetik eramatea berenak. Esku-lana herritarrek jarriko dute eta, landaketa bukatutakoan, hamaiketakoa egingo dute parte-hartzaile guztiek.
Abaromendiko parkea osatuz
2013an Herrio natur elkarteak Abaromendi inguruko parkea egokitzeko proposamena egin zion Udalari, herrigunetik gertu dagoen berdegunearen erabilera indartzeko proiektu bat aurkeztuz. Udalarekin elkarlanean Zuhaitz Eguna antolatu zen eta, horrela, berdegunea egokitzeko proiektua jarri zen martxan. 2013ko martxoan herritarren parte-hartze handiarekin, 125 zuhaitz landatu ziren. Inguru hartara egokitutako zuhaitz espezieak aukeratu ziren: arteak, urkiak, gorostiak, erramuak, gurbitzak, elorri zuriak, basa erramuak eta zuhandorrak.
Abaromendiko parkea hainbat fasetan eraikiko da. Proiektua osatzen joateko asmoarekin, aurten beste 50 zuhaitz landatuko dira.
Proiektuaren helburuak
Proiektuaren helburu nagusia gune atsegin bat sortzea da, oriotarrek beren aisialdian egunero erabiltzeko modukoa. Horrek, gainera, bizitasuna emango dio inguruari.
Beste helburu zehatzago batzuk ere baditu proiektuak: herritarrek parkea bere sentiaraztea, bizidunekiko sentsibilizazioa sustatzea, bertako espeziekin osatutako parke polit eta erabilgarri bat edukitzea, inguruan dagoen umeen parke berria goxatzea, irakurtzeko edo lasai egoteko gune bat sortzea eta, bukatzeko, belarra zapaltzeko beldurrik gabe, estetikoki erakargarria izango den gune bat sortzea.