Arrantzale Egunean janzteko argibideen kartela aldatu du Udalak

 

San Pedro festen programaren barruan, ekainaren 30ean, igandearekin, ospatuko da Arrantzale Eguna. Egun horretako ekintzetan parte hartuko dutenei ez ezik, Udalak dei egin die herritar guztiei arrantzale jantzita irteteko, eta argibideak eman ditu nola jantzi zalantzak dituztenentzat.

Aurreko kartelak oso ikuspegi binarioa erakusten zuen, garbi bereiziz zein ziren jantzi egokienak emakumeentzat eta gizonezkoentzat, eta Udalak kartel hura aldatzea erabaki du, mezua hobeto egokitu dadin transmititu nahi dituen irekitasun eta askatasun balioetara.

Hauek dira Arrantzale Eguneko arropa aukeratzeko gomendioak:

Gonarekin:

  • Baserritar-gona edo mahoizkoa
  • Blusa mangaluzea, baserritarrarena, edo zuri-beixa
  • Mantala bi kasuetan
  • Alpargata zuriak eta media beltzak, edo alpargata beltzak eta media zuriak
  • Buruko zapia (moñerorik ez)

Galtzekin

  • Baserritar galtzak edo mahoizkoak
  • Baserritar galtzekin, alpargata zuriak eta galtzerdi beltzak
  • Mahoizko galtzen kasuan, hanka-pilota hazten den parera arte doblatuta eta alpargata beltzak galtzerdirik gabe
  • Alkandora: zuria, mahoizkoa edo baserritarrarena
  • Gerrikoa: harri-jasotzaileek bezala dena lotuta. Gerrikoaren muturra zintzilik, ez
    • Baserritar galtzekin, gerriko zuria edo beltza
    • Mahoizko galtzekin, gerriko beltza
  • Lepoan zapirik ez

Udalak dei egiten die herritarrei, erosoen zaien bezala janzteko eta festa askatasunez gozatzeko.