Hegaluzea enbotatzen ikasteko erakustaldiaren bideoa sarean dago ikusgai

Urriaren 3tik 5era ospatu genuen herrian Parrilla Festaren lehen edizioa, eta jardueren artean, hegaluzea nola enbotatzen den ikasteko saioa egin zen igande goizean, plazan. Nieves Arruti eta Jose Mari Gozategi igo ziren oholtzara, eta Aiora Larrañagak lagunduta, prozesuaren nondik norakoak azaldu zizkieten ikus-entzuleei.

Hegaluzea enbotatzeko ohitura oso zabalduta dago Orion, eta asko dira urtero-urtero arraina prestatzeko biltzen diren familiak edo lagun taldeak. Ohitura horri jarraipena emateko eta prozesua ondo egiteko gakoak ezagutzeko antolatu zen aurkezpena, eta Udalak grabatu egin zuen zuzenekoa, saio praktiko gisa balio handia duelako.

Bideoa Udalaren Youtubeko kanalean dago ikusgai, interesa duenarentzat.

Parrilla Festaren balorazioa

Parrilla Festan izan ziren herritarren iritziak jasotzeko, galdetegi bat bidali zien Udalak parte-hartzaileei duela bi aste. Aurtengoa festaren lehen edizioa izan da, eta Udalarentzat garrantzitsua da parte-hartzaileen inpresioak ezagutzea, datorren urtera begira, hobekuntzak egiteko. 

Oro har, oso balorazio onak jaso dira formatuari eta antolakuntzari lotuta, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie beste behin ekimenean parte hartu zuten eragile eta herritar guztiei.