Orioko Udalbatzarrak, otsailaren 26ko ohiko bilkuran, aho batez onartu du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eskaera egitea, Orio bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedura abian jar dezan. Helburua argia da: oriotarrei, eta bereziki gazteei, etxebizitza duin baterako sarbidea erraztea, eta etxebizitza eskuratzeko egin beharreko ahalegin ekonomikoa arintzen laguntzea.
Testuingurua
Eusko Jaurlaritzak 2024an argitaratu zuen tentsionatu izan zitezkeen udalerrien lehen zerrenda, bi irizpide nagusiren arabera: azken 5 urteetako prezio-igoerak (KPIa + 3 puntutik gora) eta etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa (%30etik gora). Orio ez zen zerrenda hartan agertu, eta, egoeraren garrantzia ikusita, Udalak etxebizitzaren eta gazteen emantzipazioaren inguruko diagnostikoa martxan jarri zuen (GukOriori atarian kontsultagai dago, Herri-eredua erronkaren barruan).
Iaz eguneratu zen zerrenda, eta orduan bai, Orio eremu tentsionatu izan daitezkeen udalerri gisa ageri zen. Datuen arabera, alokairuaren prezioa %25,7 igo da informazio estatistikoa dagoen azken 5 urteetan (Gipuzkoan igoera handiena jasan duen udalerrietako bat da). Eta ondorioz, eskaera formala egiteko dokumentazioa prestatzen ari da Udala: diagnostikoa, memoria eta 3 urteko ekintza-plana.
Helburua
Eskaeraren bidez, herritarren etxebizitzarako sarbidea hobetzea da asmoa: arrazoizko prezioetan eta dituzten beharretara egokituta egin dadin, eta berezikin gazteen emantzipazioa erraztuz. Horrez gain, lehentasunezkoa da zaurgarritasun egoeran dauden herritarren kasuan ahalegin ekonomikoa murriztea, eta, oro har, herritarrak Orion errotzeko aukera eskaintzea.
Etorkizunari begira, herritarren bizi-proiektuak garatzeko aukerak eskaintzen dituen herria izan nahi du Oriok, eta etxebizitza duin, egoki eta eskuragarriak bermatu.
Izendapena lortuz gero, maizterrei eta etxejabeei zuzendutako zenbait neurri aktibatu daitezke Eusko Jaurlaritzatik, eta Udalak landu duen ekintza-plana ere martxan jarriko litzateke.
Orain arte egindako urratsak
Azken urteetan, Udalak hainbat ildo landu ditu etxebizitzaren inguruko presioari erantzuteko. Besteak beste, etxebizitza hutsak mobilizatzeko bidean OHZren (IBI) errekargua igo da eta jabeei etxebizitza merkaturatzeko aukeren inguruko informazioa helarazi zaie.
Era berean, erabilera turistikoko etxebizitzak arautzeko ordenantza prestatu da, eta lizentzia berririk ez emateko erabakia hartu da. Gainera, HAPOan zehaztu bezala, eremu berri guztietan babestutako etxebizitzak aurreikusi dira.
Hiru urteko ekintza-plana
Eskaerarekin batera, Udalak hiru urterako ekintza-plana garatu du. Plan honek ardatz desberdinak ditu, eta neurri zehatzen artean, honakoak aipa genitzake:
- Etxebizitza hutsak mugiaraztea: Azterketa zehatza egitea eta jabeak beren aukeren inguruan informatzen jarraitzea.
- Etxebizitzarako aukera gehiago zabaltzea: Etxebizitzarako bideratu daitezkeen espazioak sustatzea, araudia berrikustea eta birgaitzeetarako zerga-hobariak lantzea.
- Erakundeen arteko koordinazioa: Udalaren eta gainerako erakundeen arteko lankidetza bideratzea, neurriak eraginkorrak izan daitezen.
Orioko Udalak prozeduraren bilakaeraren berri ematen jarraituko du, eta herritarren eskura jarriko du izendapenaren tramitazioari eta ondorioei buruzko informazioa, aurrerapausoak ematen diren heinean.
