Balearen Egunaren programaren barruan, Kanadatik Oriora, ezagutzen al dugu Selma Huxley zientzialariaren historia? hitzaldia izango da bihar, asteazkenean, zimitorio zaharrean. Michael Barkham Huxley historialari kanadiarrak emango duen hitzaldian, hain zuzen, 2020an hil zen bere ama Selma Huxley historialariaren bizitza eta ekarpenak ezagutzeko aukera izango da, 19:00etatik aurrera.
Londresen jaio bazen ere, Selma Huxey Kanadara joan zen bizitzera 20 bat urte zituenean, eta irakasle eta liburuzain gisa aritu zen lanean lehen urtetan. Senarraren lana tarteko, Euskal Herrira egin zuen bidaia batean izan zuen euskal baleazaleen berri, eta pixkanaka, euskal baleazaleek XVI. mendean Kanadako kostaldean izan zuten presentziaren inguruan ikertzen hasi zen. Berak urte luzez egindako lanari esker argitu zen, besteak beste, euskal arrantzaleek Ternua eta Labrador inguruan balea-arrantza modu antolatuan eta eskala handian egiten zutela. Azpimarratzekoa da ere, Huxleyk XVI. mendeko Orioko bi arrantzaleren testamenduak aurkitu zituela. Amerikako testu idatzi zaharrenetakoak dira dokumentuok.
Dokumentu historikoetan oinarrituta, euskal baleazaleen ibilbideak, lan egiteko moduak, bizimodua eta itsasoz bestaldeko jarduera ekonomikoaren garrantzia ikertu zituen Huxleyk. Gerora, ikerketa horiek berretsi zituzten Labradorren egindako aurkikuntza arkeologikoek; Red Bayko aztarnategia, esaterako, UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatu zuten 2013an.
Barkhamen hitzaldia
Selma Huxleyren ibilbidea ezagutzera emateko hitzaldia izango da biharkoa. Haren seme Michael Barkham Huxley arituko da hizlari lanetan, gaztelaniaz, eta aukera paregabea izango da euskal baleazaleen historiaren inguruko aurkikuntza garrantzitsuenak egin zituen ikerlariaren berri zuzenean izateko.
Barkham, gainera, Selma Huxleyk gidatuta XVI. mendeko euskal baleazaleen baseak identifikatzeko Labradorrera, Kanadara, egindako lehen espedizioko kide izan zen 1977an.
Besteak beste, Bilboko Itsasmuseumen eta Donostiako Untzi Museoan aholkulari gisa lan egin du, eta 2016an Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide numerario izendatu zuten.
