Orioko Udalak eta Ireki Begik elkarteak migratzaileen ezohiko erregularizazioari buruzko saio informatzailea antolatu dute maiatzaren 8an, 17:30ean, Udaletxeko udalbatzarraren aretoan. Saioa irekia izango da, eta Malen Etxea emakume migratuen elkarteko kideek emango dute.
Espainiako Gobernuak 2026ko apirilean onartu du migratzaileen ezohiko erregularizazioa arautzen duen dekretua. Neurriaren helburua da dagoeneko Espainiar estatuan bizi diren eta administrazio-egoera irregularrean dauden pertsona migratzaileei egoera hori erregularizatzeko aukera ematea, betiere, araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Azken urteetan hainbat eragile sozialek, migratzaileen elkarteek eta herri-ekimenek egindako lanaren testuinguruan kokatzen da prozesua, egoera irregularrean bizi diren pertsonei eskubideak aitortzeko, lan- eta bizi-baldintza duinagoak ahalbidetzeko eta gizartean parte-hartze osoagoa izateko aukera izan dezaten.
Eskaerak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 30era arte egongo da zabalik. Baldintzak betetzen dituzten migratzaileei urtebeteko bizileku eta lan baimena emango zaie, eta osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea. Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere izango dute. Eta urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatzeko aukera izango dute.
Saio informatzailea, maiatzaren 8an
Maiatzaren 8ko saioan, prozeduraren nondik norakoak azalduko dituzte Malen Etxea-ko kideek: nori eragiten dion, zein baldintza bete behar diren, zer dokumentazio aurkeztu behar den eta zer urrats jarraitu behar diren eskaera aurkezteko.
Udalak eta Ireki Begik elkarteak saiora gerturatzeko dei egiten die gaian interesa duten herritarrei, informazioa behar duten pertsona migratuei eta haien ingurukoei.
