2023an ekin zion UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko, eta aurten, beste herrialdeetatik etorri eta euskara ikasten ari diren herritarrak ditu protagonista. Urola Kostako hainbat herritar ere ageri dira irudi eta bideoetan, hala nola, Orioko, Zarauzko, Getariako eta Zumaiako euskara ikasleak.
Urtez urte, kanpainak oihartzun handia izan du sareetan eta hedabideetan. Lehen edizioan, bateko eta besteko haurrek eta nerabeek osatu zuten kanpainaren irudia; iaz, berriz, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari ziren euskaldunak izan ziren protagonista. Askotan, azalaren koloreagatik edo aurreiritziengatik, jendeak erdaraz egiten diela kontatu zuten, eta horren aurrean, asko estimatzen dutela herritarrek haiei ere euskaraz egitea.
Kanpainaren bidez, UEMAk nabarmendu nahi du batetik edo bestetik etorri arren, herritar horiek ere bertakoak direla, eta euskararen komunitateko kide direla. Horretarako, haien bizipenak eta euskara ikasteko prozesuak ezagutarazi ditu aurten, eta herritarrak animatu nahi ditu haiekin ere euskaraz egitera.
Urola Kostari dagokionez, hainbat dira kanpainan parte hartu duten Orioko herritarrak. Jarraian bideoa:
Orioko Udalak bat egiten du kanpainaren helburuarekin, eta herritarrak animatu nahi ditu euskara ikasten ari direnekin ere euskaraz egitera: gertutasunez, pazientziaz eta elkarri lagunduz. Euskara guztion artean egiten da, eta elkarrizketa bakoitza aukera bat da hizkuntza komunitatea zabaltzeko.
