Orioko Udalak Sormen Bizian Beka jarri du martxan, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko eta sortzaileen sormen-prozesuak babesteko helburuarekin. Deialdia maiatzaren 21ean zabaldu zen, eta interesatuek ekainaren 20ra arteko epea dute proiektuak aurkezteko.
Sormen Bizian Bekaren lehen edizioak 7.000 euroko laguntza emango dio euskarazko sormen-proiektu bati. Aurtengo deialdiaren aztergaiak Benito Lertxundiren obra eta ibilbide artistikoa izango dira, eta haren ekarpen kulturalean oinarritutako proposamenak aurkeztu beharko dituzte interesdunek.
Sormen-prozesua babesteko beka
Bekaren helburua da, nagusiki, artisten sormen-prozesua babestea, sorkuntzara dedikatzeko denbora izan dezaten. Diziplina desberdinetako proiektuak aurkez daitezke: musika, literatura, antzerkia, ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, bertsolaritza, poesia, arte plastikoak, sorkuntza digitala edo diziplina arteko proposamenak, besteak beste.
Proposamenek jatorrizkoak izan beharko dute, sormen-prozesuaren hasierako fasean egon beharko dute, eta euskara hutsekoak izan. Proiektuak lehiaketa bidez baloratuko dira, deialdiaren oinarrietan jasotako irizpideen arabera. Oinarriak hemen kontsultagai.
