Orioko Udalak Adikzioen Prebentzioa eta Osasuna Sustatzeko Diagnosia osatu du, Ortzadar aholkularitza-enpresaren laguntzarekin. Dokumentua iaz abiatu zen lanketa-prozesuaren emaitza da, Udalak galdetegi bat zabaldu baitzuen herritarrek adikzioen inguruan zuten iritzia jasotzeko, eta bildutako ekarpenak gainerako azterketa-lanarekin uztartu dira.
Diagnosiak Orioko errealitatea jaso nahi izan du, eta 2026-2031 aldirako Adikzioen Prebentzio Plana osatu. Planaren helburua da adikzioei ikuspegi integraletik heltzea: substantzien kontsumoari ez ezik, jokabide-adikzioei ere erreparatuz, hala nola, pantailen erabilerari, sare sozialei, bideojokoei edo apustuei. Eta herritarren beharrak identifikatzea, sortzen ari diren erronkei aurrea hartzeko eta prebentzioa modu koordinatuan egiteko.
Diagnosiak hainbat ondorio nagusi azaleratu ditu. Batetik, Orioko gazteen aisialdian kirolak, kuadrillan egoteak eta musikak pisu handia dutela jasotzen du, eta horiek babes-faktore garrantzitsuak direla. Baina arreta jarri beharreko hainbat eremu ere identifikatu dira, hala nola, alkoholaren normalizazioa jai- eta aisialdi-testuinguruetan, tabakoaren eta bapperraren presentzia, edari energetikoen kontsumoa, sare sozialen eta mugikorraren erabilera, eta bideojokoen nahiz apustuen inguruko prebentzioa lantzeko beharra.
Herritarrekin, elkarteekin eta tokiko eragileekin egindako lanketak ere hainbat kezka jarri ditu mahai gainean. Besteak beste, alkoholaren kontsumoaren normalizazioa, gazteen eta nerabeen kalteberatasuna, familiek prebentzioan duten garrantzia eta herriko eragileen arteko koordinazioa indartzeko beharra nabarmendu dira.
Orientazio guneak eta guraso eskolak
Diagnostikotik abiatuta, Udalak hainbat zerbitzu jarriko ditu martxan 2026an, adikzioen prebentzioa sustatzeko:
Orientazio gunea
Adikzioen inguruko zalantzak argitzeko, informazioa jasotzeko eta lehen arreta eskaintzeko gunea da. Kultur etxeko lehen solairuan dago, eta asteazkenetan zabalduko da, ordutegi honetan: ekainaren 10ean eta 17an, 16:00-20:00 artean. Ekainaren 24tik aurrera, 10:00-14:00 artean.
Aurrez hitzordua hartu beharko da, zenbaki honetan: 688 87 36 35.
Guraso eskolak
Familiei baliabideak eskaintzeko eta prebentzioan duten eginkizuna indartzeko saioak izango dira. Saio horietan, besteak beste, nerabezaroa, kontsumoen prebentzioa, pantailen erabilera eta komunikazio positiboa landuko dira. Irailean jarriko dira martxan, eta Udalak orduan emango du informazio zabalagoa.
