2026ko abuztuaren 12an eguzki-eklipse osoa izango da, eta Euskaditik ere behatu ahal izango da fenomeno astronomiko berezia. Horretarako, ezinbestekoa da segurtasun-neurri egokiak hartzea, eguzkiari babesik gabe begiratzeak begietan lesio larriak eta itzulezinak eragin ditzakeelako, eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak hainbat gomendio helarazi dituzte, herritarren artean zabaltzeko.
Eklipsea behatzeko babesak
- Ez zaio inoiz eguzkiari zuzenean begiratu behar babes egokirik gabe. Eguzkitako betaurreko arruntek, erradiografiek, argazki-negatiboek edo kristal ketuek ez dituzte begiak behar bezala babesten.
- Eklipsea zuzenean behatzeko, horretarako diseinatutako eta ISO 12312-2 arauaren arabera ziurtatutako betaurrekoak erabili behar dira. Erabili aurretik, betaurrekoek CE marka eta erabiltzeko jarraibideak dituztela egiaztatu behar da, baita urraturik, pitzatuta edo bestelako kalterik ez dutela ere.
- Betaurreko egokiak erabilita ere, gomendagarria da eguzkiari denbora luzez jarraian ez begiratzea eta tarteka atseden hartzea. Haurrekin eta pertsona kalteberekin arreta berezia izan behar da, betaurrekoak kendu ez ditzaten.
- Prismatikoek, teleskopioek eta kamerek eguzkiaren argia kontzentratzen dute eta arriskua areagotu dezakete. Horregatik, erabili aurretik ziurtatu behar da eguzki-iragazki aproposak dituztela eta adituek garatu dituztela.
- Eguzkiari zuzenean begiratu gabe, proiekzio bidez edo erakundeek eta komunikabideek eskainiko dituzte zuzeneko emankizunen bidez jarraitzeko aukera egongo da, eta erabat segurua izango da.
Joan-etorriak eta eguzkitan egotea
- Baliteke ikuspen ona duten eremuetara joateko auto-ilarak sortzea. Horregatik, hurbileko behaketa-puntu bat aukeratzea, garaiz iristea eta itzulera modu mailakatuan egitea gomendatzen da. Eta trafikoa bideratzen ariko direnen jarraibideak bete beharko dira.
- Eklipsea ikusi aurretik, hainbat orduz eguzkitan egotea aurreikusten bada, azalerako eguzki-babesa erabiltzea, kapela edo txanoa janzeta eta behar bezala hidratatzea komeni da. Eguraldiaren bilakaera ezagutzeko, Euskalmeten aurreikuspenak kontsultatzeko gomendioa egin dute.
