Naturklimaren ekimenez, BateraLabs egitasmoa jarri zen martxan otsailean, Gipuzkoako eskualde bakoitzaren errealitatetik abiatuta, klima-aldaketaren aurrean proposamen eta proiektu zehatzak diseinatzeko. Ekimenaren baitan, herritarren kezkak eta proposamenak jasotzeko postontzia jarri dute udaletxearen kanpoaldean, eta uztailaren 17ra bitarte egongo da bertan.
Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioa da, eta aurten, BateraLabs ekimena jarri du martxan, lurraldeko eskualdeek elkarlanean, klima-aldaketaren aurrean proposamen eta proiektu zehatzak diseinatzeko. Izan ere, klima-aldaketaren ondorioak gero eta nabariagoak dira lurraldean: bero-boladak, muturreko fenomeno meteorologikoak, uholde-arriskua, ekosistemetan sortzen diren kalteak…
Ondorio horiek, ordea, ez dira modu berean agertzen eskualde guztietan. Horregatik, BateraLabsek erantzun deszentralizatua proposatzen du, Gipuzkoako eskualde bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokituta, eta horretarako, herritarren ikuspegia jasotzea ezinbestekoa da.
Postontzia, Herriko Plazan
Bada, oriotarren kezkak eta herrian martxan jarri daitezkeen ekimen zehatzen proposamenak jasotzeko, BateraLabs-en postontzia udaletxearen kanpoaldean egongo da uztailaren 17ra arte. Egin zure ekarpena!
