Orioko Udalak urteak daramatza HEMI metodoa aplikatzen (harrapatu, antzutu, markatu eta itzuli) herriko katu-koloniak kudeatzeko, herritar boluntarioen bidez. 2023an, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko lege berria sartu zen indarrean, eta horri lotuta, Katu-kolonien kudeaketa etikorako programa aktibatu zuen Udalak.
Programa horren bidez, hainbat urrats eman dira azken hiletan kudeaketa modu antolatuagoan egiteko eta boluntarioek egindako lana sendotzeko:
- Kolonia-elikatzaileen figura sortu da. Katu-kolonia jakin batez arduratzen den boluntarioa da, eta elikadura nahiz eguneroko jarraipena modu antolatuan egiten laguntzen du.
- Herriko bi albaitariekin akordioak egin dira, HEMI metodoari lotutako esku-hartzeak bideratzeko.
- Udaltzaingoarekin jarduteko protokoloa zehaztu da. Herritarrek udaltzainei pasa behar dizkiete abisuak. Udaltzainek katu berri baten edo egoera bereziren baten abisua jasotzen dutenean, Katu Alai elkartearekin jartzen dira harremanetan, kasua aztertu eta eman beharreko pausoak adosteko.
- Katu Alai elkartearekin hitzarmena sinatu du Udalak. Udaltzainengandik jasotako abisuak koordinatzeaz gain, gune konkretuetan antzuketa kanpainak egiten dituzte, eta katuei bizileku egoki bat bilatzeaz arduratzen dira. Era berean, herriko katu-kolonien jarraipenean eta kudeaketan ere dihardute
Utzitako katuen eta katakumeen kasuan, lehen helburua adopziora edo harrerara bideratzea da. Horretarako, Katu Alai elkarteak sare sozialak eta www.katualai.com webgunea erabiltzen ditu, eta bertan kontsulta daitezke katu bat adoptatzeko edo aldi baterako harreran hartzeko aukerak.
Orioko Udalak eskerrak eman nahi dizkie urte hauetan guztietan katu-kolonien zaintzan aritu diren boluntarioei. Haien lanari esker, neurriak modu koordinatuan hartu dira, animalien ongizatea eta herriko bizikidetza bermatuz. Lan horretan lagundu nahi duten herritarrek, gainera, aukera dute Udalarekin harremanetan jartzeko.
