Orioko Udalak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana aurkeztu du, 2026-2029 aldirako berdintasun-politikak gidatuko dituen tresna. Kalaka kooperatibak gidatutako prozesuaren bidez osatu da plana, eta 2025ean egindako diagnostikoan jasotako ondorioak izan ditu abiapuntu. Hirugarren plan honek azken urteetan egindako lana sendotu eta datozen urteetarako erronka nagusiak zehazten ditu.
2022an II. Berdintasun Plana aurkeztu zenetik, urrats garrantzitsuak egin dira Orion berdintasunaren alorrean: indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko erakundeen arteko protokoloa diseinatu da, Saregile Orioko Emakumeon* Etxea martxan jarri da, Berdintasun eta Hezkuntza Saila egituratu da, Berdintasun teknikariaren lanpostua sortu da, zaintzaren inguruko diagnostiko eta lanketa parte-hartzaileak egin dira, eta Bizitza Askeak Plazer markoa aurkeztu da, askotariko indarkeria-adierazpenen aurrean herri mailako erantzuna eta prebentzioa lantzeko.
Azken lan-ildo horri esker, gainera, Oriok Europako Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburuen aitortza jaso zuen apirilean Bruselan, zilarrezko bi domina eskuratuta. Aitortza horrek agerian utzi du azken urteetan herrian berdintasunaren, aniztasunaren eta elkarbizitzaren alde egindako lanak tokiko mugak gainditu dituela.
Diagnostiko parte-hartzailea
III. Plana garatu aurretik, Kalaka elkarteak Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako III. diagnostikoa prestatu zuen 2025ean, eta udal-langileen, ordezkari politikoen, herritarren eta elkarteetako kideen ekarpenak jaso zituen. Guztira 104 pertsonak hartu zuten parte prozesuan, eta datu kuantitatiboak nahiz kualitatiboak uztartu ziren: estatistika-iturrien azterketa, udalaren barne antolamenduaren inguruko informazioa, lansaioak, elkarrizketak, galdetegiak eta udal-dokumentuen berrikuspena, besteak beste.
Gainera, azken urteetan egindako beste hainbat diagnostiko ere hartu ziren kontuan, hala nola, zaintzari, enpleguari, merkataritzari eta kulturari lotutakoak. Eta horri esker, plan berria osatzeko oinarri sendoa garatu zen, herriko politika eta dinamika askotarikoekin lotuta.
Diagnostikoak, besteak beste, agerian utzi zuen berdintasunaren alorrean urratsak egin diren arren, arrakalek hor jarraitzen dutela. Enpleguan eta errentan, zaintzaren banaketan, indarkeria matxistaren prebentzioan eta arretan, kirolaren eta gazteriaren alorretan, hezkidetzan, hirigintzan eta udalaren barne funtzionamenduan badira landu beharreko hutsuneak.
Horregatik guztiagatik, plan berriak helburu nagusi bat du oinarrian: berdintasuna Udalaren eguneroko jardunean eta herri-dinamikan errotzea. Hau da, berdintasuna ez izatea ekimen edo egun jakin batzuetara mugatutako gaia, baizik eta aurrekontuak, kontratazioak, komunikazioa, hezkuntza, kirola, kultura, zaintza, hirigintza eta herritarrekiko harremanak zeharkatuko dituen ikuspegia.
Planaren helburu estrategikoak
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Planak datozen urteetako helburu estrategikoak zehazten ditu, tartean, egitura egonkorrak sendotzea eta elkarren arteko koordinazioa indartzea. Sare horren baitan kokatzen dira Emakumeen Mahaia, Hezkidetza Mahaia, Zaintza Mahaia, Berdintasun Batzordea eta indarkeria matxistaren aurkako koordinazio-organoa. Horien bidez, azken urteetan martxan jarritako tresnak eta espazioak lotu nahi ditu Udalak, eta jarraipena izango duten prozesu bihurtu.
Planak, halaber, herriko hainbat eremutan eragitea aurreikusten du. Saregile Emakumeon* Etxea zabaltzea eta egonkortzea izango da lan nagusietako bat, emakumeen* ahalduntze pertsonal, kolektibo eta soziopolitikorako erreferentziazko espazio gisa. Kirolaren eremuan, ongizatea, harreman osasuntsuak eta berdintasuna sustatzeko eraldaketa-prozesuak bultzatuko dira, Orio Arraun Klubetik hasi eta pixkanaka beste elkarteetara zabalduz. Zaintzaren alorrean, berriz, Orio herri zaintzailea izan dadin urratsak egiten jarraituko du Udalak, zaintza-lanak ikusarazteko, aitortzeko eta erantzukidetasunez antolatzeko. Eta Bizitza Askeak Plazer estrategian sakonduko da, askotariko indarkeria eta diskriminazio-adierazpenei aurre egiteko, prebentzioa, arreta, erreparazioa eta memoria komunitarioa uztartuta.
Jarraipena eta balorazioa
Horretarako, III. Berdintasun Planak jarraipen-sistema propioa izango du, eta urtero aztertuko da ekintzen betetze-maila. Saioa Iraola Berdintasun teknikariaren esanetan, “Plan berriak azken urteetako lanari egitura eta jarraipena emango dio; egindakoa egonkortzea, udal osoaren jardunean txertatzea eta herriko eragileekin batera garatzea izango da erronka nagusia”. Iraolak nabarmendu du berdintasuna ez dela helmuga itxi bat, eguneroko jardunean eraikitzen den herri-konpromisoa baizik: “Eta III. Berdintasun Planarekin, Oriok beste urrats bat egingo du herri parekideagoa, zaintzaileagoa, askeagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko bidean”.
