Orioko Udaleko Euskara batzordeak beka baten deialdia egin du, edadeko hamar oriotarren hizkera grabatzeko.
Orioko Udaleko Euskara batzordeak ahalegina egin nahi du herriko hizkera jasotzeko eta, horretarako, beka baten deialdia egin du. Beka deialdiaren helburua hau da: edadeko oriotarrei grabazioak egitea bideoan, haien euskara jasotzeko eta gordetzeko. Oriotar horien euskarazko jardunarekin batera, jakina, haiek esandakoa ere jaso eta gordeko da: garai bateko bizimodua, ohiturak, festak?
Batzordeak herriko hamar lagun aukeratuko ditu, guztiak 65 urtetik gorakoak, ezaugarri desberdinak dituztenak (gizon, emakume, marinel, baserritar…), eta haien ahozko jarduna bideoz grabatuko dute beka jasotzen dutenek. Elkarrizketatuek esandakoen transkripzioa ere egingo dute.
Bi mila euroko ordaina
Bekaren zenbatekoa 2.000 eurokoa izango da, eta jasotzaileek bost hilabeteko epea izango dute lana egiteko.
Eskabideak aurkezteko epea
Eskabideak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea maiatzaren 23an bukatuko da.