Asteburuko jarduerek eragina izango dute trafikoan

Maiatzaren 31n, larunbatarekin, hainbat jarduera antolatuko dira herrian, nagusiki, kirolari lotutakoak. Goizean Zaragueta Herri Eskolaren Kros Txikia izango da Abaromendin; eguerdian, Orio Arraunketa Elkarteak traineruen aurkezpena egingo du Herriko Plazan, eta arratsaldean, Talai Mendi Trail mendi-lasterketa egingo da, Ikastola pareko zabalgunetik abiatuta.

Goizeko kirol-probak ez du eraginik izango trafikoan, baina bizilagunen garajeetako sarrera-irteerak mugatuko ditu, 10:00etatik 12:30era. Abaromendi 1-24 atarien artean, gainera, aparkaleku publikoak libre utzi beharko dira, lasterketarako lekua egon dadin.

Talai Mendi Trail proba, aldiz, 17:00etan abiatuko da Ikastola pareko zabalgunetik. Ondorioz, herriguneko trafikoa itxita egongo da, eta ibilgailuek Txanka-Hondartzatik irten beharko dute 16:45-19:30 artean. Barkatu eragozpenak.