2022ko ekainean sartu zen indarrean Orioko Trafikoaren eta Aparkalekuen Ordenantza (TAO) berria, eta gerora zenbait aldaketa egin zaizkio. Udala etengabe ari da sistema aztertzen eta herritarren ekarpenak jasotzen. Horietan oinarrituta, bertakoentzako eremu gehiago jartzea erabaki du Udalak.
Orain arte, bederatzi ziren Aparkatzeko Udal Txartela duten ibilgailuentzat gordetako eremuak: Anibarko Portua, Estropalari-Bikamiota, Pelotari kalea, Autopista azpiko ibilgailu luzeen aparkalekua, Alde Zaharra, Balea, Erribera, Palota eta Ibai Ondo kaleak. Aurrerantzean, beste hiru eremu gehituko dira: Abaromendi, Hondartzako eremua eta Ortzaika.
- Abaromendin orain arte ez da bertakoentzako eremurik egon. Kanpineko igerileku berriaren lanak direla-eta, Zaragueta eskolaren eta kanpinaren arteko aparkalekua itxita dago orain; baina, zabaltzen dutenean, bertakoentzako eremua izango da. Horrez gain, Abaromendi kalean beste 20 bat aparkaleku ezarriko dira bertakoentzat; beraz, guztira 40 inguru izango dira eremu horretan.
- Bestetik, hondartzako lehen lerroan, hau da, Antilla kalean, 12 leku ezarriko dira bertakoentzat.
- Azkenik, Ortzaikako autokarabanen aparkalekuan izan diren erabilera ezegokiak ikusita, eta Anibarko Portuari ere arnasa emateko, aparkaleku hori ere bertakoentzako eremu bihurtuko da eta, beraz, autokarabanentzako tokia izateari utziko dio.
Horrenbestez, guztira, 50 bat aparkaleku berri izango dira hondartza inguruan, eta Ortzaikan beste 25.
Aldaketa laster sartuko da indarrean
Aparkaleku horietan B eta R hizkiak pintatuko ditu Udalak datozen egunotan. Eguraldiaren arabera egingo dira pintaketa-lanak, eta horiek egin bezain laster sartuko da indarrean aldaketa. Une horretatik aurrera, toki horietan aparkatzeko, ezinbestekoa izango da Aparkatzeko Udal Txartela autoan itsatsita eramatea.