Sahararren bizimoduaren berri ematen duen erakusketa zabalduko da ostegunean, kultur etxean

Ostegun honetan, maiatzak 8, erakusketa zabalduko da Orioko kultur etxean,19:00etan, sahararren eguneroko bizimodua erakutsi nahi duena. Ikusgai izango diren tresnak eskulanak dira, Saharako zuhaitzen zuraz edo hango abereen larrua erabiliz eginak, gameluak edo ardiak. Irekieran pastak eta tea jarriko dituzte bertaratzen diren herritarrentzat.

Erakusketak garrantzi handiko helburua du sahararrentzat: aldarrikatu nahi dute saharar herria bizirik dagoela, haien herrian indarrez sartu direnek ez dutela lortu sahararrei beren nortasuna lapurtzerik. Bizi dira eta, bizi direnez, hango bizimodua nolakoa den erakutsi nahi dute, haien kultur ondarea: non bizi diren, haimak, zer eta nola jaten duten, nolako arropekin janzten diren, haurrak nola jolasten diren, erlijioa nola bizi duten… beren kultura nolakoa den.

Erakusketa saharar herriaren kulturari bizirik eusteko bitarteko bat ere bada, kultur ekintza bat. Maiatzaren 20ra arte egongo da zabalik. Antolatzaileek gonbita egin nahi diete Orioko herritar guztiei kultur etxera joan eta sahararren erakusketa ikus dezaten; elkartasun-keinu moduan ulertuko dute bisita.