Bi kirol-proba egingo dira aurten San Pedro festetan, herritarren parte-hartzea sustatzeko

San Pedro festen programaren barruan, bi kirol-hitzordu izango dira aurten Orion: batetik, lehen aldiz egingo den Goiko Karrera herrikoia; eta, bestetik, Aldapa Elkarteak hirugarren urtez jarraian antolatuko duen Kronoigoeraren edizio berria. Bi ekimenek herritarren parte-hartzea sustatzea, festa giroa indartzea eta adin ezberdinetako herritarrak elkartzea izango dute helburu.

Kronoigoera

Ekainaren 28an, igandearekin, bizikleta-igoera egingo da 11:00etatik aurrera. Aldapa Elkarteak hirugarren urtez jarraian antolatuko du garai batean Goiko Kaleko festetan egin ohi zen proba.

Proba Herriko Plazatik abiatuko da, eta bi kategoria izango ditu: 8 eta 14 urte arteko haurrek Pillikura egingo dute igoera; 14 urtetik gorakoek, berriz, San Martin ermitara igoko dira.

Izen-ematea ekainaren 12an zabalduko da, ostiralarekin, eta herriko ikastetxeetan, kiroldegian eta Kolon Txikin egin ahal izango da.

Antolatzaileek herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte, urteko aukera berezia baita plazan eta Goiko Kalean bizikletan ibiltzeko, gune horiek peatonalak direlako. Gainera, sari bereziak zozkatuko dira parte-hartzaileen artean.

I. Goiko Karrera

Ekainaren 28an, baita ere, baina 20:00etatik aurrera, Goiko Karrera antolatu du herritar talde batek. Aurten lehen aldiz egingo da proba, eta herritik barrena egingo den errelebo-lasterketa herrikoia izango da.

Parte hartzeko, lau laguneko taldeak osatu beharko dira. Talde bakoitzak lau aldiz osatuko du ibilbidea, eta taldekide bakoitzak itzuli bana egingo du, 1,2 kilometrokoa. Taldeak erabakiko du zein orden jarraituko duten kideek. Gainera, taldeek hainbat baldintza bete beharko dituzte: 15-24 urte bitarteko pertsona bat, 25-39 urte bitarteko beste bat, 40-49 urte bitarteko bat eta 50 urtetik gorako bat izan beharko dituzte. Horrez gain, talde bakoitza bi emakumek eta bi gizonek osatu beharko dute.

Ibilbidea Herriko Plazan hasi eta amaituko da, eta herriko hainbat gunetatik igaroko da: OAko eskailerak, Goiko Kaleko parkea, Danbolin Musika Eskola ingurua, frontoiko aldapa, Bikamiotako biribilgunea, Arrantzale kalea eta Antilla ingurua. Horrez gain, parte-hartzaileen artean herriko komertzioek jarritako sariak zozkatuko dira, eta sari horiek gau horretan bertan kontsumitu beharko dira.

Izen-ematea doakoa da, eta zabalik dago jada, galdetegi honen bidez. Parte-hartzaileek 19:00etarako egon beharko dute Herriko Plazan, dortsalak jasotzeko.