Elkano Itsas Herria ekimena Oriora iritsiko da astelehenean

 

XVII. mendeko Juanita Larando izeneko patatxa Orioko moilan lehorreratuko da uztailaren 11n, astelehenarekin. Ontzia lau egunez bisitatu ahal izango da, Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena ospatzeko egitasmoaren barruan. Elkano Fundazioak, Itsas Museoak eta Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatu dute Elkano Itsas Herria ekimena.

Zumaiatik etorriko da patatxa Oriora, eta herriko arraunlariek ekarriko dute. Belaz eta arraunez eragindako ontziak dira patatxak, eta, garai batean, kortsariotzan asko erabiltzen ziren, kostatik gertu, beste ontziak zelatatzeko.

Patatxarekin batera, Orioko itsas ondarea biltzen duen erakusketa bat ere jarriko da Herriko Plazan. Eta ontzia bisitatzeko eta arraunean irteerak egiteko aukera ere izango da. Irteerak uztailaren 13an 17:00etan eta 14an 18:00etan egingo dituzte, eta izena turismo-bulegoan eman behar da. Parte hartzeko, 16-65 urte artean izan behar da eta 8 kg-ko arrauna mugitzeko gaitasuna.

Peronaren erakusketa

Uztaileko kultur programaren barruan, Jesus Mari Peronaren erakusketak ere ikusgai jarraituko du kultur etxean. Erakusketak lotura estua du patatxaren etorrerarekin, izan ere, balea-arrantzarekin zerikusia duten eta Orioko ontzioletan eraiki ziren ontzien maketak egin ditu Peronak, eta berak aurkitu zituen patatxaren planoak Mutiozabalen; plano horietatik abiatuta eraiki du erreplika Albaola Itsas Kultur Faktoriak.

Baina ez da hori patatxak Oriorekin duen lotura bakarra: Albaolak Juanita Larando izena jarri dio ontziari, kortsarioekin eta Oriorekin harreman estua izan zuen emakumearena, alegia.

Egitaraua

Hau izango da uztailaren 11tik 15era prestatu duten egitaraua:

  • Uztailaren 11tik 14ra, egunero 11:00-20:00 artean: Patatxa ikusgai egongo da moilan eta informazio-puntua jarriko da Herriko Plazan.
  • Uztailaren 11n, 13:00etan: Patatxa iritsiko da Harrera-ekitaldia Aitor Mendiluze bertsolariarekin.
  • Uztailaren 13an, 17:00etan: Arraun-irteera patatxean.
  • Uztailaren 14an, 18:00etan: Arraun-irteera patatxean.
  • Uztailaren 14an, 19:00etan: Xabi Solanoren formatu txikiko kontzertua (lekua zehazteko dago).
  • Uztailaren 15ean: Patatxaren irteera (ordua zehazteko dago).