Euskaraldiaren lantaldeak jardueren programa aurkeztu du gaur

Hemendik bi astera hasiko da aurtengo Euskaraldia, euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozial erraldoia. Aurtengo edizioa laugarrena da eta maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo da Euskal Herri osoan. Orioko Euskaraldia bideratzeko lantaldeak gaur aurkeztu du datozen egunotan antolatu dituen jardueren programa. Aurten hikaren erabilera bultzatu nahi du lantaldeak Orion, ariketak iraungo duen 11 egunetan.

Aurtengo Euskaraldian parte hartu nahi dutenek dagoeneko irekia dute izena emateko epea. Hau da izena emateko esteka. Izena ematerakoan, aurreko urtetan bezala, bakoitzak aukeratu behar du zein rol hartuko duen Euskaraldian: ahobizi ala belarriprest. Horrez gain, aurten, parte hartzen duenak aukera izango du, baita ere, jantziko duen txapan adierazteko ea nahi duen besteek berari hika egitea edo ez. Horretarako, H txiki bat erantsi beharko dio Euskaraldiko txapari.

JARDUEREN PROGRAMA

Hau da Euskaraldiko lantaldeak maiatzean antolatu dituen jardueren programa:

Maiatzak 6, asteartea

19:00 Hitzaldia: Hitanoa eta generoa XXI. mendean. Garbiñe Bereziartua. Salatxo aretoan.

Maiatzak 7 eta 14

18:00 – 20:00 Noka ikastaro laburra Saregilen. Irekia guztiontzat. Bina orduko bi saio praktiko izango dira. Irakasle: AEK-ko Amaia Zaldua. Izena eman behar da parte hartzeko, hemen.

Maiatzak 15, osteguna

19:00 Hitzaldia: Nola egin ondo Euskaraldiaren ariketa. Ahize-AEK-ko Araitz Mugurutza. Salatxo aretoan.

Maiatzak 16, ostirala

21:00 Kantu-afaria Balea elkartean. Izena eman behar da parte hartzeko, telefonoz (627 638 776 – Ainhoa) edo emailez (baleaelkarteaorio@gmail.com).

Maiatzak 17, larunbata

12:00 Hikadromoa Herriko Plazan. Orioko AEK-k bideratuta. Hika eta noka lagun giroan praktikatzeko aukera. Ez dago aurrez izena eman beharrik.

Maiatzak 18, igandea

19:00 Maialen Lujanbioren hitzaldi-errezitaldia, elizako zimitorioan: ‘RR-6 eRRe(AH)ala’.

Txapen banaketa: Ekitaldi guztietan egongo da izena emateko eta txapa jasotzeko aukera. Horrez gain, Euskaraldiko lantaldeak mahaia jarriko du, besteak beste, maiatzaren 11n plazan egingo den artisau- eta sortzaile-azokan. Kultur etxean ere izango da aukera izena emateko eta txapa jasotzeko.