Euskaraldiko lantaldeak antolatutako jarduera-programaren barruan, hitzaldia izango da datorren asteartean, maiatzak 6, Salatxo aretoan, 19:00etan: Garbiñe Bereziartua Etxeberria EHUko irakasleak hitanoaren erabileraren gaia aztertuko du genero-ikuspegitik.
Hika eta noka bereziak dira. Euskararen berezitasun politenetako bat, gertutasuna, parekotasuna edo konplizitatea adierazteko erabiltzen baitira. Baina zer korapilo sortzen zaizkigu, gaur egun, hitanoa erabiltzen dugunean? Nola uztartu genero-ikuspegia eta hitanoaren erabilera? Gai horiek aztertuko ditu Garbiñe Bereziartua Etxeberriak astearteko hitzaldian.
Noka ikastaro labur eta irekia
Aurtengo Euskaraldian, Orion, hikaren eta nokaren erabilera bultzatu nahi du lantalde antolatzaileak eta, beraz, horri begira antolatu ditu jardueretako batzuk. Astearteko hitzaldiaz gain, bi eguneko noka-ikastaro labur bat ere antolatu du lantaldeak. Bina orduko bi saio praktiko izango dira, bi asteazkenetan: maiatzaren 7an eta 14an. AEK-ko irakasle Amaia Zalduak emango ditu eta helburua da nokaren erabilerari buruzko azalpen orokor batzuk ematea eta, ondoren, praktikan jartzeko urratsak egitea lagun artean.
Ikastaroa Saregile Emakumeen* Etxean emango da eta irekia da guztientzat. 18:00etatik 20:00etara izango da esandako bi egunetan.
Parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, galdetegi labur hau betez.
