Furgobaratzak gaitz eta izurrien inguruko tailerra emango du gaur, ekainak 5

Azpeitiko Kimubat taldearen Furgobaratza zerbitzu ibiltaria Oriora helduko da gaur, ekainak 5, ostegunarekin. Orioko Baratze Parkean egongo da 18:00etatik 19:30era, eta gaitz eta izurrien inguruko tailerra emango dute han, irekia interesatu guztientzat. Baratzegintzan izaten diren arazoen inguruko zalantzak argitzea da tailerraren helburua eta zein produktu erabili daitezkeen kontatzea.

Furgobaratza zerbitzu ibiltaria da, tutoretza eta produktu ekologikoen salmenta eskaintzen duena. Azpeitiko Kimubat taldearen eta Kutxa Fundazioaren elkarlanetik abiatu zen proiektua duela hamarkada bat, eta ordutik, apiriletik urrira, herriz herri ibiltzen da furgoneta.

Orioren kasuan, Udalarekin eta baratzeko erabiltzaileekin adostuta, sei bisita egiten ditu urtean, eta Baratze Parkean jartzen da furgoneta. Gaian interesa duten herritarrei zuzendutako hitzordua izaten da, eta ordu eta erdian, zalantzak argitzeko eta haziak eta landareak eskuratzeko aukera izaten dute parte hartzen dutenek. Besteak beste, landareen gaixotasunen, landaketa-garaien eta erabili beharreko ongarrien inguruko informazioa ematen dute, eta bertako barietateez gain, landare eta hazi komertzialak eta exotikoak ere izaten dituzte salgai.

Behean duzue 2025eko Orioko egutegia, eta aurrerantzean, Udalaren webguneko agenda atalean izango da kontsultagai hitzorduei buruzko informazioa.