Gaur zabaldu da epea udako kirol- eta aisialdi-jarduera guztietan izena emateko

Orioko Udalak udako kirol- eta aisialdi-jardueren eskaintza bateratu zuen iaz aurrenekoz, eta herritarrengandik eta eragileengandik jasotako erantzun positiboa ikusita, aurten ere halaxe egin du. Jardueretan izena emateko epea gaur zabaldu da, apirilaren 29an, eta maiatzaren 12ra arte izango da horretarako aukera. 

Orrialde honetan ikusi daiteke aurtengo eskaintzaren informazioa (egutegia, ordutegia, adina, prezioa…) eta izena emateko galdetegiak, antolatzailearen arabera antolatuta. 

Eskaintza zabala

Guztira, herriko bederatzi eragilek prestatu dute udako denboraldirako kirol- eta aisialdi-eskaintza zabala: Txurrumuski aisialdi-elkarteak, BPXport enpresak, Orio Bate Bizkorrak elkarteak, Orioko Futbol Taldeak, Orio Arraun Elkarteak, Orio Itxastresna Surf Klubak, Orio Eragin Eskubaloi Klubak, Orioko Atletismo Taldeak eta ZAST Zarautz Saskibaloi Taldeak.

Txurrumuski aisialdi-elkarteak, urtero bezala, Udaleku Irekiak antolatuko ditu uztailean, eta Gazte Abentura, abuztuaren lehen hamabostaldian. Gainerako jarduerak kirol-esparrukoak dira eta kiroldegiak eta herriko kirol-taldeek antolatzen dituzte. Aurten, gainera, Orioko Atletismo Taldeak egin du bat ekimenarekin, eta uztailean emango ditu ikastaroak.

Izen-ematea

Izena emateko epea apirilaren 29an zabaldu da, eta maiatzaren 12an itxiko da. Izena emateko, Udalaren webgunean dauden galdetegiak erabili behar dira. Eragile bakoitzak bere galdetegia dauka, eta haietan sartuta, eskatutako datuak bete behar dira.

Izen-ematea bukatzeko, ezinbestekoa da ordainketa egitea eragile bakoitzaren kontu-korrontean, kontzeptu gisa haurraren edo gaztetxoaren izen-abizenak sartuta; eta ziurtagiria eragileari bidali beharko zaio gero, posta elektronikoz. Zalantzak argitzeko, eragileekin harremanetan jartzeko aukera dago (telefono-zenbakiak eta emailak taulan daude).

Karela kiroldegiak eskainitako ikastaroen kasuan, gainera, kiroldegitik pasa beharko da ondoren, baimen-orria sinatzera.

Informazioa