Gertuko merkataritza sustatzeko ekintza-plana aurkeztuko zaio sektoreari asteartean, kultur etxean

Orioko Udalak bultzatuta, Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Federazioak herriko sektorea laguntzeko ekintza-plana aurkeztuko du maiatzaren 27an, 14:30ean, kultur etxean. Ekintza-planak izaera dinamikoa du, eta, beraz, ezinbestekoa da merkatarien ekarpenak eta iritzia jasotzea. Horregatik, Udalak herriko establezimenduetako kide guztiak gonbidatzen ditu aurkezpenera, han aukera izango dute-eta ekarpenak egiteko eta plana aberasteko.  

Azken hamarkadetan gertuko merkataritzak aldaketa nabariak izan ditu; merkataritza-guneen agerpenak, eta, batez ere, interneten erosteko joera gero eta handiagoak kontsumitzaileen ohiturak irauli ditu, eta merkataritza txikia astindu.

Merkataritza-establezimenduek herriko ekonomia zirkularra indartzen dute, eta herriari bizi eusten diote. Sektoreari aldaketa etengabe horretan laguntzeko, Udalak merkataritza-plana abiatu zuen iaz, bi zatitan banatuta:

  • Lehenengo zatian, Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Federazioak herriko eskaintza eta eskariaren diagnosi bat egin zuen. Ikusgai dago hemen. 
  • Azken hilabeteetan, berriz, diagnosi hori kontuan hartuta, ekintza-plana eratu du Dendartean-ek, sektoreari laguntzeko neurriak biltzen dituena. 

Ekintza-plan horretan, batetik, Udalaren lidergoaren pean hartu beharreko neurriak daude, esaterako, belaunaldi-aldaketa bermatzeko edo ekintzailetza sustatzekoak. Eta, bestetik, Arkupe merkatarien elkartearen estalpean egin daitezkeen jarduerak daude.