Orioko Udalak eta parapente-zaleek azken urteetan egindako bilera eta hartu-emanaren ondotik, kirol-portuaren ondoko eremu bat egokitzea erabaki du Udalak proba moduan, parapente-zaleek lur hartzeko. Babestutako duna-eremuaz kanpo dago eremu hori, eta dagoeneko belarra moztu eta lekua egokitu du Udalak. Uda honetan martxan izango da.
Orio aspalditik izan da Euskal Herriko parapente-zaleen txokorik preziatuenetako bat; batez ere, herriaren ezaugarri geografikoengatik eta haizeagatik. Kukuarri ingurutik salto egin, eta paisaia berde-urdinaz gozatzeko talaia paregabea eskaintzen du.
Zaleen arriskua gutxitzeko eta kirolari eta oinezkoen arteko bizikidetza hobetzeko, beharrezkoa ikusi du Udalak lur hartzeko leku apropos bat bermatzea eta mugatzea.
Parapentearen alderik arriskutsuena lur hartzea da eta hori orain arte egoki arautu gabe egon da. Parapenteak hegan egiteko erabil daitezkeen tresna arin eta sinpleenak dira, eta Europako eta Espainiako aireko nabigazio-legeek modu oso sinplean arautzen dituzte hegaldi eta lur-hartzeak: ez dute lizentzia aeronautiko berezirik behar, aeronabigatzeko baldintza berezirik ez dute behar, hegaldiak ez zaizkio nabigazio-autoritateei jakinarazi behar eta aireratze eta lur-hartze eremuek ez dute baldintza espezifikorik bete behar. Legeak aipatzen duen baldintza bakarra hauxe da: lur hartzeko eremuak jende-aglomerazioetatik kanpo egon behar dira. Horretarako, Udalak egokitzat ikusi du kirol portuaren ondoan dagoen zabalgunearen zati bat mugatzea. Azken 20 urteetan eremu hori bideratuta egon da duna eremu bihurtzeko, baina egin den saiakerak ez ditu esperotako emaitzak izan.
Eremu horretan lur hartzeko, Udalak Gipuzkoako Kirol Aire federazioarekin adostu ditu baldintzak: erabiltzaileek federatuta egon beharko dute, eta erantzukizun zibileko asegurua indarrean eduki.
Udalaren helburua da azken hamarkadetako ziurgabetasun eta bizikidetza arazoa konpontzea.