Orioko Udalak txu-txu trenaren zerbitzua martxan jartzen du uda garaian, herrigunea eta hondartza lotzeko. 2023az geroztik, zerbitzua kanpoko enpresa bati adjudikatzen dio Udalak, eta haiek ekarritako ibilgailuak erabiltzen dira zerbitzua emateko. Horrenbestez, Udalarena den txu-txu trena Anibarko Portuko errotondan jartzea erabaki du Udalak, eta gaur eta bihar, maiatzaren 6an eta 7an, egingo du instalazioa udal-brigadak.
Udalak jabetzan erosi zuen txu-txua 2012an, eta 2013tik aurrera herria eta hondartza lotzeko zerbitzua eskaini du. Soilik 2020an ez da egon zerbitzurik, COVID-19aren ondorioz.
Udalaren txu-txu trena zaharkitua zegoen eta mantentzeko arazo ugari ematen zituen; gainera, ez zituen irisgarritasun-irizpideak betetzen. Horregatik, zerbitzua kanpoko enpresa bati adjudikatu zion Udalak 2023an eta, geroztik, Udalaren jabetzako trena ez da erabiltzen. Trenarekin zer egin erabakitzeko, zenbait aukera aztertu zituen Udalak eta, azkenean, errotondan bistan jartzea erabaki du, azken urteotan herriaren irudiari oso lotuta egon delako eta pena zelako txatarrategian bukatzea.
Tren zaharra, apaingarri
Udalaren txu-txu trena Anibarko Portuko errotondan jarriko du gaur eta bihar udal-brigadak. Hiru bagoi dira guztira, eta herrigunetik hara eramango dituzte, hiru txandatan. Horretarako, ez da trafikoa moztuko, baina Anibarko Portuko errotondan lanean ariko dira. Eremu horretan arretaz gidatzeko eskaera egiten die Udalak herritarrei.